Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Santander Bankuak, Santander Unibertsitateak Dibisio Globalaren bidez, nazioarteko mugikortasuneko 61 beka banatu ditu asteartean, maiatzaren 28an, eta 32 beka praktikak enpresetan egiteko, bi erakundeek hainbat proiektu akademiko garatzeko daukaten lankidetza-esparruaren barruan. Bekak emateko ekitaldia gaur eguerdian izan da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan. Paloma Virseda Chamorro Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordea izan da ekitaldiaren burua, eta harekin batera egon dira Carmen Caballero Hernando Santander Unibertsitateak Dibisio Globaleko Espainiako Hitzarmenen zuzendaria, eta Miguel Ángel Muñoz Durán, Santander Bankuko Akzionisten Kudeaketako arduraduna.
Nazioarteko mugikortasuneko bekak NUPek hainbat atzerriko unibertsitaterekin eta programa hauekin dauzkan aldebiko hitzarmenei dagozkie: ISEP (International Student Exchange Programs, ikasleen trukerako lehen partzuergo globala, Estatu Batuetan dagoena, eta 50 herrialdetako goi mailako 300 hezkuntza-erakunde biltzen dituena), Palafox (Latinoamerikarekiko trukea) eta Martin de Rada (Asiarako). Zehatz esateko, 34 beka Palafox programari dagozkio; 15, aldebiko hitzarmenei; 6, Martin de Radari; 4 ISEP USAri, eta 2 ISEP Nazioartekoari.
Bekak lortu dituzten ikasleek 11 herrialdetako unibertsitateetan egin dituzte egonaldiak, herrialde hauetan: Australia (4), Brasil (7), Kanada (4), Hego Korea (1), Txile (16), Txina (3), Estatu Batuak (11), Japon (1), Mexiko (9), Peru (2) eta Taiwan (1).
Horietaz aparte, 32 ikaslek "Santander de Prácticas en PYMES" bekak jaso dituzte, eta horri esker beste hainbeste unibertsitate-ikaslek praktika profesional ordainduak egiten dituzte enpresa txiki eta ertainetan, hiru edo sei hilabeteen arteko iraupenarekin. Santander Bankuak bultzatzen du ekimen hau, EUEKen (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) eta CEPYMEren (Enpresa Txiki eta Ertainaren Espainiako Konfederazioa) laguntzaz, zeina Nafarroan ordezkatuta baitago FAPYMEN eta CENen bidez.
Santander Bankuak hau eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren beste hainbat ekimen bultzatzen ditu, 1999tik unibertsitatearekin daukan lankidetzaren esparruan, Santander Unibertsitateak Dibisio Globalaren bidez. Dibisio honen ekimenek bankuaren gizarte-ekintza betetzen dute, eta horri esker bankuak lotura egonkorra dauka mundu osoko 1.020 unibertsitate eta ikerketa-zentrorekin. Argibide gehiago hemen: www.santander.com/universidades.