Europako zortzi herrialdetako Administrazio eta Zerbitzuetako langileek prestakuntza-bisitaldi bat hasi dute astelehen honetan, maiatzak 27, Nafarroako Unibertsitate Publikora Erasmus programaren bidez. Javier Casalí Sarasíbar Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak ongietorria eman die hasierako saioan. Aste osoan, Erasmus Programako parte-hartzaileek Arrosadiko Campuseko instalazioak eta hainbat zerbitzuren funtzionamendua ezagutuko dituzte.
Programa hori Europako Unibertsitate Eremuko kide diren herrialdeetan dauden unibertsitateetako irakasleei eta langileei zuzentzen zaie. Ikastegi bakoitzeko administrazio eta zerbitzuetako irakasleek eta langileek beste herrialde bateko unibertsitate batean aste bateko egonaldia egiteko aukera dute, kideekin zereginak partekatzeko eta erakunde hartzaileko praktika onak ikasteko, bai eta antolaketa metodologia, tresna edo forma berriak ezagutzeko ere.
Oraingoan zortzi herrialdetako hamar unibertsitatetako 14 pertsona etorri dira NUPera. Portugal eta Poloniak dituzte ordezkari gehien, hiruna bakoitzak, eta atzetik datozen herrialdeek, Finlandiak eta Bulgariak, bina ordezkari dituzte. Aste honetan NUPera etorri diren gainerako parte-hartzaileak Estonia, Eslovenia, Turkia eta Italiakoak dira.
Programa honetako parte-hartzaileek Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat zerbitzuren funtzionamendua ezagutzeko interesa erakutsi dute, eta horien artean daude ikasleenak, gizarte-ekintzakoak, nazioarteko bulegoa, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa eta Liburutegia.
NUPeko International Week 2013 ostiralean, maiatzaren 31n, amaituko da. Hasierako saio orokorrean unibertsitatearen funtzionamendu orokorraren berri ematen dute Nazioarteko Harremanetako Bulegoko langileek. Gero, Arrosadiko campusa eta Iruñeko alde zaharra bisitatu dituzte. Aste osoko programaren barnean bilerak egingo dira hainbat zerbitzu ezagutzeko. Esaterako, Ikasleentzako Argibide Bulegoa, Liburutegia eta Gizarte Ekintzarako Unitatea. Halaber, bilera espezifikoak antolatu dira parte-hartzaile bakoitzak eskatutako zerbitzuekin.