

Ezkerretik eskuinera, Gustavo Ochoa, Pablo Lecumberri, Daniel Paternain, Manuel J. Cuesta, Alfonso Carlosena, Ruth Lorente, Marisol Gómez, Lucía Moreno, María Zandio, Beatriz del Cerro eta Aránzazu Jurío
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde bat lanean ari da adimen artifizialeko zenbait teknika aplikatzeko proiektu batean psikosiaren egiturazko azterketa egiteko. Helburua da identifikatu ahal izatea gaixo psikotikoen garunaren zenbait aldetan sortzen diren desberdintasunak, ahaide sanoekin edo beste pertsona batzuekin alderatuta. Proiektua Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatria eta Erradiologia Zerbitzuko medikuekin koordinaturik egin da. Erresonantzia magnetikoen bidez lortutako irudien azterketan oinarritzen da, eta jada emaitzak agertzen hasiak dira.
"Lehen agerraldi psikotiko bat izan duten pertsonengan, ikusi dugu ganglio azpikortikalen garunaren aldean badirela zenbait desberdintasun bolumetriko pertsona sanoekin alderatuta —azaldu du Beatriz del Cerro ikertzaileak—. Hori nolabait kontraesanean dago literatura zientifiko psikiatrikoak zioenarekin. Hortaz, pentsatzen dugu beharbada tratamendu farmazeutiko antipsikotikoa faktore erabakigarria izan daitekeela desberdintasun horietarako, gure pazienteak medikazio-tratamenduarekin zeuden lehen asteetan ebaluatu baitziren; aldiz, literaturako azterlanetan tratamendu luzeko pazienteen datuak erakusten dira".
Gaur egun, garunaren zenbait egituren edo erresonantzia magnetikoko irudietako interes esparruen mugaketa, sarritan, eskuz egiten da. Ikuspuntu medikotik, proiektuaren sustatzaileek uste dute komenigarria litzatekeela eskura edukitzea irudien kalitatea areagotzen duten metodo automatikoak, eta irudien analisirako behar diren bolumenak kalkulatzen dituztenak.
"Erresonantzia magnetikoko irudien superbereizmen eta segmentazio metodo berriak. Aplikazioa psikosiaren egiturazko azterketan" da proiektuaren izena, Ikerketarako Plan Nazionalak finantzatua dago, eta bere garapenaren erdian dago, hiru urtekoa baita, eta 2014ko abenduan bukatuko da. Lan taldea osatzen dute hainbat espezialitatetako zazpi ingeniarik, fisikari batek, bi matematikarik, bi psikiatrak, neurorradiologo batek eta bi neuropsikologok. Orain arte, ikertzaileek lanean jardun dute irudiak aztertzeko metodoa egokitzen eta hobetzen, garunaren egituran desberdintasun morfologikoak edo bolumetrikoak aurkitzeko xedez; psikosia duten pertsonak eta ez duten pertsonak bereizten dituzten ebidentzia fisikoak aurkitzeko, alegia. Proiektuaren beste fase batzuetan beste gai batzuk aztertuko dira; esaterako, burdinaren metaketarena, alzheimer eta parkinson gaixotasun neurologikoekin lotua dagoena.
Proiektu hau osatzeko, eta Nafarroako Gobernuaren finantzabideari esker Osasun Zientzietan ikertzeko (GON 101/11) proiektuetarako, Nafarroako Ospitaleguneko Psikiatria eta Erraadiologia Zerbitzuko ikertzaileak azterlan bat egiten ari dira. "Asaldura motoreak hasi berria duten psikosia duten pazienteengan eta beren neba-arreba sanoak eta kontrolak Nafarroan". Ikerketa hau pazienteen alderdi klinikoetan oinarritzen da, eta horiei aplikatuko zaizkie aipatu erresonantzia magnetikoko irudien superbereizmen eta segmentazio metodo berriak.
Irudi medikoaren analisia
Azterlanaren lagina osatzen dute lehen agerraldi psikotiko bat izan duten pertsonek, haiekin ahaidetasuna duten pertsonek, eta beste hirugarren talde bat aurrekoekin ez duena inolako loturarik, baina sexua, adina eta ikasketa maila parametroetan bai bat datorrena. Guztiei egin zaie garunaren erresonantzia magnetiko bat.
Erresonantzia magnetikoak NUPera iritsi ondoren, ikertzaileen lana bi jarduera nagusitan datza. Alde batetik, superbereizmeneko teknika matematikoak erabiltzen dituzte gailu medikoek lortutako irudiak berreratu eta haien kalitatea hobetzeko. Bestetik, adimen artifizialeko teknikak aplikatuz, irudi bakoitza segmentuetan zatitzen dute; hau da, hainbat zatitan (ezaugarri komunak dituzten pixel taldeetan) zatitzen dute, sinplifikatzeko edo aztertzen errazagoa den beste adierazpen batekin trukatzeko xedez. "Horretarako, jada merkatuan existitzen den softwarea erabili dugu, baina algoritmoak hobetu ditugu eta gure helburuari egokitu dizkiogu —azaldu du Aránzazu Juriok—. Segmentuetan zatitzeko hainbat metodo dauden arren, ideia da zehaztea zein den hobekien egokitzen dena irudi mota bakoitzarekin, eta ondoren aldaketak egitea, kasu zehatz bakoitzean doitzeko". Fase honetan gainera, medikuek daukaten aditu ezagutza ere eskura badaukagu.
Segmentazio horren kalitatea balioztatu eta zehazteko, emaitzak alderatu dituzte gehiago erabiltzen diren beste segmentazio metodo batzuekin, eta medikuek egindako eskuzko segmentazioarekin. "Ikusi ahal izan dugu gure metodoak, biltze funtzioetan oinarritzen denak, lortzen dituela emaitza hoberenak esperimentuaren irudi guztietan", diote.
Saio klinikoa da proiektuaren hirugarren jarduera nagusia, eta mediku taldeari dagokio. Irudietan oinarrituta lortutako emaitzekin, burmuinaren desberdintasun bolumetrikoak aztertuko dituzte intereseko eremuetan (lobulu frontalak, hipokanpoa eta amigdala, eta nukleo azpikortikalak), eta zehaztuko dute egiturazko desberdintasun esanguratsuak badauden edo ez aztertutako hiru pertsona taldeen artean.
Proiektu honetan parte hartzen ari den diziplina anitzeko taldea honako hauek osatzen dute: NUPeko Alfonso Carlosena, Marisol Gómez, Pablo Lecumberri, Gustavo Ochoa, Miguel Pagola, Aránzazu Jurío, Beatriz del Cerro, Daniel Paternain, Miroslav Zivanovic eta Ixone Arroabarren ikertzaileak; Manuel J. Cuesta eta Lucía Moreno psikiatrak, Nafarroako Ospitaleguneko Teresa Cabada neurorradiologoa, eta Psikosi taldeko Ana Sánchez eta Ruth Lorente neuropsikologoak.