Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren maiatzaren 31ra arte ireki du 2013-14 ikasturtean Gradura Egokitzeko Ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaro hauen helburua da unibertsitate titulazioetako sistema zaharreko diplomadunek eta lizentziadunek beren ibilbide akademikoa Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) ezartzen duenarekin egokitzea, eta master zein doktoretza ikasketetara sartu ahal izatea. Eskaintzan gradu hauetara egokitzeko ikastaroak sartzen dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakaslea. Azken kasu honetan, epea joan den maiatzaren 15ean ireki zen. Ikastaro hauen gaineko informazio guztia hemen dago: www.unavarra.es. Aurreinskripzioa interneten bidez egin behar da.

Denera, 200 ikaspostu eskaintzen dira ikastaro guztietan. Irakasle Graduetara egokitzeko ikastaroa da ikasposturik gehien eskaintzen duena, 90 eskaintzen baititu (40 Haur Hezkuntzan eta 50 Lehen Hezkuntzan). Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan eta Lan Harremanak eta Giza Baliabideetan 30na eskaintzen dira, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan eta Ekonomian, 25na.

Ikastaro hauek unibertsitateko ikasketen egituraren antolaketa berriaren ondoren sortzen dira (1393/2007 E.D.), EUEra egokitua baitago, eta EUEn lehen maila gradua da, eta graduak lehengo lizentziaturak eta diplomaturak, orain iraungitze bidean daudenak, ordezkatu ditu. Azpimarratu behar da lehengo diplomaturak baliodunak direla eta indarra dutela, eta lan esleipen berak dituztela tituludunen bizitza profesionalaren amaiera arte, eta, beraz, lehengo diplomadun, ingeniari tekniko edo lizentziadun batek ez dauka graduko titulu berri bat lortu beharrik bere lanbidean aritzeko.

Hala ere, bidezkoa da unibertsitateek prestakuntza osagarri hau ematea, lehengo tituludunek txerta ahal ditzaten euren ibilbide akademikoak Goi Mailako Hezkuntzaren eskema berrian, master eta doktoretza ikasketetan sartu ahal izateko.

Graduondoak eta administrazio publikoaren mailak

Badaude beste arrazoi batzuk, unibertsitateak gradura egokitzeko ikastaro hauek ematera bultzatu dituztenak. Alde batetik, gradu berriek diplomaturak edo ingeniaritza teknikoa baino ikasmaila bat gehiago dutenez, graduak maila handiagoa eta desiragarriagoa balitz bezala ikusten da. Horrez gain, gradu tituluak administrazioko goi mailetara sartzea errazten ahal du (funtzionarioen mailei dagokionean).

Aipatu da, halaber, gradu tituluak ikasketen jarraitasun bat irekitzen duela master eta doktoretzako unibertsitateko egituraren mailetan. Izan ere, diplomatura batekin edo ingeniaritza tekniko batekin master batean sartzeko aukera badago ere, EUEko plan berrietako master tituludun batek 300 ECTS kreditu egin behar ditu osotara.