Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013-14 ikasturtean emango dituen master, aditu, diplomadun edo espezialistaren 13 Titulu Berekietan izena emateko epea ireki du. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi zuen eskaintzak bi titulu bereki berri dauzka: Adituaren Titulua Diseinu Tresnetan: CAD/PLM, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakaslearen Graduei Egokitzeko Ikastaroa. Ekonomia, merkataritza, banka, gizarte esku-sartzea, espainiera eta bere kultura, edo teologia katolikoa eta bere pedagogia dira Unibertsitateak eskaintzen duen prestakuntza-programa honen jakintza-arloetako batzuk. Edukiaz, matrikulatzeko epeaz edo eskolak hasten diren egunari buruzko informazio guztiak hemen daude ikusgai: www.unavarra.es.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren titulu berekien prestakuntza-eskaintzak bi helburu ditu: batetik, unibertsitateko tituludunen eta gazte profesionalen gaitasunak eta trebetasunak bultzatzea lan merkatuan sartzeko edo beren titulazioari egokitutako lanpostua edukitzeko; eta bestetik, enpresek eta administrazioek beren beharretara egokitutako pertsonal kualifikatua edukitzea.

Aipatu ditugun bi tituluez landa, honako hauek dira 2013-14 ikasturtean eskaintzen diren titulu berekiak: Masterra Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzan, Master Nazioarteko Merkataritzan – Master of International Trade, Aditua Banku Zuzendaritza eta Finantzetan, Diplomaduna Esku-hartze Sozialean Ijito Komunitatearekin, Aditua Nafarroako Zuzenbide Pribatuan, Diplomaduna Espainiar Hizkuntza eta Kulturari buruzko Ikasketa Aurreratuetan, Aditua Generoan, Aditua Inmigrazioan eta gizarte esku-hartzean, Aditua Esku-hartze Sozialean Familiekin, Haurrekin eta Nerabeekin, Aditua Erlijio Katolikoan eta bere Pedagogian eta Aditua Gizarte Lanean Espezializatutako Ikerketan.

Industria Diseinua eta Praktikak enpresetan

Adituaren Titulu Berekia Diseinu Tresnetan: CAD/PLM unibertsitateko tituludunei zuzentzen zaie, batez ere ikasketa hauek egin dituztenei: Industria Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza Teknikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritzaren Gradua, Ingeniaritza Mekanikoaren Gradua eta Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoaren Gradua; ikasketa hauek egin eta ingeniaritza mekanikoaren tresnarik aurreratuenen gaineko ezagutzak hartu nahi dituztenei. Titulu bereki honen barruan daude praktika ordainduak enpresetan, zeinetan erabiltzen ahalko baitira CAD eta PLM sistemak profesional espezializatuen tutoretzapean.

Industria diseinua harrigarriki garatu da azken urteotan, eta horri esker ingeniaritzaren ahalmenak izugarri sustatu dira. Ahalmen horiek diseinu tekniko soil batetik merkataritzako proiektuak zabaltzeraino doaz, eta zabalkunde horretan, alderdi teknikoez gain, irudia eta diseinua garrantzizkoak dira.

Enpresak egoera berrietara egokitu behar dira etengabe, metodo produktiboak optimizatuz beren bezeroei ahalik eta kalitaterik handiena daukaten produktuak ahalik eta denbora laburrenean eskaintzeko. Honek ekartzen du etengabeko hobekuntzaren beharra, prozesuaren alderdi guztiak aintzat hartzen dituena, diseinu metodo eta ingenitzatik, fabrikazioraino. Helburu horiek lortzeko, beharrezkoa da CAD/PLM teknologiak Produktuaren Bizitza Zikloan (PBZ) sartzea.

Irakasle Gradura Egokitzeko Ikastaroa

Beste alde batetik, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakaslearen Graduei Egokitzeko Ikastaroen helburua da unibertsitate tituluetako sistema zaharreko Irakasletza diplomadunek egoki dezaten beren ibilbide akademikoa Europako Unibertsitate Eremuarekin (EUE), eta master eta doktoretza ikasketetarako sarbidea erraztea.

Egokitzapen ikastaro hauen alde presentziala Unibertsitate Gizarte Fundazioaren lankidetzarekin eskainiko da, eta 30 ECTS kreditu gainditu beharko dira. Ondoren, 30 ECTS presentzialak gainditu eta gero, diplomadunek Gradu Amaierako Laneko 12 ECTSak matrikulatu beharko dituzte, eta aldez aurretiko ikasketen aitormena eskatu beharko dute. Honetarako, izena emateko epea joan den maiatzaren 15ean ireki zen, eta maitzaren 31n bukatuko da.