Nafarroako Unibertsitate Publikoak graduko titulazioetarako sarrera berriko 1.765 ikaspostu eta unibertsitate masterretako 763 ikaspostu eskainiko ditu osotara 2013-14 ikasturterako. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi ditu titulazio desberdinetara sartzeko mugak eta ikaspostuak erreserbatzeko kupoak, eta orain Nafarroako Gobernuari igorri zaio erabakia, behin betiko onets dezan.
2013-14 ikasturteko ikaspostu eskaintza eta aurtengo ikasturteko eskaintza ia berberak dira. Ikastegien arabera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa izango da, gradu titulazioetan, ikaspostu berri gehien edukiko duena, 570 edukiko baititu osotara. Ondoren Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea dator, 440 ikasposturekin; Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, 315 ikasposturekin; Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola, 160rekin; Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa, 150 ikasposturekin eta Zientzia Juridikoen Fakultatea, 140 ikasposturekin.
Ikaspostu gehien eskaintzen duen gradua Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza da, 195 eskaintzen baititu. Ondoren Lehen Hezkuntzako Irakasletza dator, 180 ikasposturekin, eta Industria Teknologietako Ingeniaritza Gradua 150 ikasposturekin. Aitzitik, gutxien eskaintzen dituztenak hauek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea gradu bikoitza, zeinean 35 ikaspostu baitaude, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Ekonomia nazioarteko gradu bikoitza, honek 45 ikaspostu baititu.
Erreserba kupoak
Erabaki honen bidez onetsi ditu, halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2013-14 ikasturteko ikaspostuen erreserba kupoak. Zehazki, ikaspostuen % 3 erreserbatuko dira 25 urtetik gorakoentzat, 45 urtetik gorakoentzat, lan-esperientzia eta esperientzia profesionala dutela egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat, goi mailako eta errendimendu handiko kirolarientzat, titulazio guztietan (Fisioterapian izan ezik), eta unibertsitateko titulazioa edo horren baliokidea duten ikasleentzat. Fisioterapia Graduan sartzeko, ehuneko hori % 5era igoko da ezgaitasuna duten pertsonen eta goi mailako eta errendimendu handiko kirolarien kasuan. Bestalde, 2013-14 ikasturtean eskainitako ikaspostuen % 5 gordeko da espedientearen lekualdatzearen bidez lehen eta bigarren zikloetan iraungitzen ari diren ikasketetara sartzeko.
Unibertsitateko masterretako ikaspostuak
2013-14 ikasturtean emango dituen 27 unibertsitateko masterretarako eskaintza ere onetsi du Gobernu Kontseiluak. 763 ikaspostu dira osotara. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako masterra da ikaspostu gehien eskaintzen dituen masterra (100), eta haren atzetik dator Abokatutzarako sarrera (70). Master horietatik, bederatzi unibertsitateartekoak dira eta NUPek ikaspostu kupo jakin bat dauka.