Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Patricia Ruiz, Miguel Laparra, Eloísa Ramírez eta Ángel Iriarte.

Ezkerretik eskuinera, Patricia Ruiz, Miguel Laparra, Eloísa Ramírez eta Ángel Iriarte.

Nafarroan etxeko kide aktibo guztiak langabezian dauzkaten etxeen kopurua bost aldiz handiago egin da 2007-12 tartean, eta urte honetako lehen hiruhilekoan jada % 11,7 izatera iritsi da guztira. Horrela azaldu da “Hilean 454tik behera eurorekin bizitzea Nafarroan” izeneko txostenean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedrak (BGIIK) prestatu du ostegun honetan, maiatzaren 16an, mintegi batean aurkeztu den txostena. Azterlan honetan, egileek egiaztatu dute krisi ekonomikoaren okerrerako bilakaerak Nafarroan gizarte bazterketarako guneak areagotu dituela Estatu osoan baino indar handiagoz, eta 45.000 eta 52.000 pertsonen artean direla 2012an pobrezia larriko egoeran zeudenak.

Azterlana prentsaurrekoan eman da ezagutzera; bertan izan dira Eloísa Ramírez Unibertsitate Proiekzioko errektoreordea; Miguel Laparra Gizarte Politikako irakasle eta BGIIK Katedrako zuzendaria; Ángel Iriarte Iruñea-Tuterako Cáritas Diocesanako arduraduna; eta Patricia Ruiz Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Sareko ordezkaria. Entitate hauek guztiak, Gurutze Gorria eta Ijitoen Idazkaritza Fundazioa bezala, Katedrako partaideak dira. Instituzio honen helburua da desberdintasun, pobrezia eta bazterketa arazoei, haiek sortzen dituzten arrazoiei eta haiei aurre egiteko behar diren konponbideei aplikatutako ikerketa soziala egitea.

zoom Txostena aurkeztu den mintegian parte hartu dutenen irudi bat.

Txostena aurkeztu den mintegian parte hartu dutenen irudi bat.

Txostenaren egileak dira Miguel Laparra, Nerea Zugasti eta Ángel García, eta bertan aztertu dira krisi ekonomikoa Nafarroan sortzen ari zen ondorio sozial larriak. Lan honekin Katedraren beste azterlan batzuei jarraipena eman zaie, esaterako, 2012ko urtean argitaratu zen "Nafarroako desberdintasunari, pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko 1. txostena. 2007-2011 krisialdiaren eragina". Datuen eguneratze honetarako giltzarri diren bi iturri erabili dira: Bizi Baldintzei buruzko Inkesta, eta Biztanleria Aktiboari buruzko Inkesta.

Langabeziaren bilakaera etxeetan eta pobrezia larria

Agiri honen emaitzen arabera, krisiaren ondorio sozialak indar handiz iritsi dira Nafarroara, eta horrek ondorio nabarmenak ekarri ditu hainbat etxetara. Horren froga da 2007 eta 2012 urteen arteko tartean, etxeko kide aktibo guztiak langabezian dauzkaten etxeen kopurua bost aldiz handiago egin dela, eta langabeziaren % 8,5 izatera iritsi dela. Era berean, Katedraren txostenean azaltzen da 2013ko lehen hiruhilekoan krisiak okerrera egin duela, eta Nafarroan egoera horretan dauden etxeen kopurua % 11,7 izatera iritsi dela.

Halaber, ikerlan honen egileek aztertu dute diru-sarrera urriko etxeetako populazioa eta pobrezia larriko egoeran dagoen populazioa. Txostenean kalkulatzen da egoera horretan dauden pertsonen ehunekoa % 7 edo 8ra iritsi zela 2012. urtean, eta egungo joerak jarraitzen badu hori konpontzeko neurriak hartu gabe, ehunekoa % 9 edo 10era hurbilduko dela 2013. urtean. Era berean kalkulatzen da Nafarroan pobrezia larriko egoeran zeuden pertsona kopurua 45.000 eta 52.000 artekoa zela 2012. urtean.

Katedrak aztertu duen azken aldian ikusi du pobrezia larriko egoeran egoteko aukera gehien duen multzoa dela profil hau daukana: emakume, adingabea, nahitaezko hezkuntzakoa edo bigarren hezkuntzakoa, emakume langabea eta bost edo kide gehiagoko etxean bizi dena. Hala ere, egindako azken inkestan ikusi da pobrezia larriko egoeran dauden multzoko gehienak direla emakumeak, 18 eta 64 urte artekoak, nahitaezko hezkuntza edo bigarren hezkuntzakoak, lanean dauden emakumeak eta bi eta lau kide arteko etxeetan bizi direnak.

Azpi-klase bat sortzeko arriskua

Egitate honek azterlanaren egileak eraman ditu honako ondorio hau azaltzera: krisi ekonomiko gisa hasi eta ondoren lan krisi gisa hasi zena, krisi sozial handi bihurtu dela, eta horrek orain arte Nafarroan ezagutu ez diren azpi-klase multzo handiak sorrarazteko arriskua dakarrela. Agiriaren egileen iritziz, pobrezia larriaren "areagotze beldurgarriak" gizarte-haustura larrirako arriskua dakar, eta horrek gizarte osoari eragiten dio, oinarrizko gizarte eskubideak zalantzan jartzen direla, eta pobrezia larriko egoeran dauden pertsonei ezintasun handia sortzen diela. Era berean, azpimarratzen da azken urteotan nabarmen areagotu dela multzo horrekiko elkartasun gero eta urriagoa, antzinako Oinarrizko Errentaren erreforman gauzatu dena (orain Gizarteratzeko Errenta izenarekin ezagutzen dena).

Egoera honen aurrean, NUPeko Berdintasunerako eta Gizarte Integraziorako Ikerketa Katedra osatzen duten entitateek (Cáritas, Gurutze Gorria, Ijitoen Idazkaritza Fundazioa eta Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako Sarea) apustu egiten dute Gizarteratzeko Errenta jasotzeko ereduan aldaketak egiteko, bermatu ahal izateko gutxieneko diru-sarrera batzuk baldintza berdintasunean biztanle guztientzat, eta enbarga ezina den aldirako prestazio bat jasotzeko. Era berean, aldarrikatu dute itun esparru berri bat administrazio publikoekin, erakunde hauen gizarte lana aitortzen duena eta koordinazio eta lankidetza mekanismo berriak sartzen dituena, gizarte larrialdi egoera honi aurre egiteko baliabideak azkar eman ahal izateko xedez.

Azkenik, uste dute diru-sarrerak bermatzeko sistema hau politika bateratu batzuekin batera gauzatu behar dela: prestakuntza, enplegua eta epe ertaineko gizarte gidaritza, bazterketaren ardatz guztietan eragiteko xedez, eta banakako esku-hartzea posible egiteko.