Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bihar, asteazkena, maiatzak 15, irekiko du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetara egokitzeko ikastaroetan izena emateko epea. Horri esker Unibertsitateko titulazioen sistema zaharreko Magisteritzako diplomadunek beren irakaskuntza-ibilbidea egokitzeko aukera izango dute Europako Unibertsitate Eremuarekin (EUE) bat etorriz, eta master eta doktoretza ikasketak hasteaaukera errazago izango dute.

Egokitzapen-ikastaroen zati presentziala Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez eskainiko da, eta ikasleek 30 ECTS kreditu egin beharko dituzte. Gero aipatu kredituak gaindituta, diplomadunek 12 kreditu matrikulatu beharko dituzte, Gradu Amaierako Lanari dagozkionak, eta aurretik eginiko ikasketen aitorpena eskatu. Guztira, 40 ikaspostu eskainiko dira Haur Hezkuntzan eta 50 Lehen Hezkuntzan, eta ikasturtea 2013ko irailean hasi eta 2014ko martxoan amaituko da. Eskolak arratsaldez emango dira, larunbatetan izan ezik, eta egunero hiru edo lau ordu, astean lau egunetan.

Ikastaro hauek sortu dira unibertsitateko ikasketen egituraren antolaketa berriaren aurrean (1393/2007 E.D.), izan ere, orain EUEra egokitua baitago, eta EUEn lehen ikasketa maila gradua da, eta graduak ordezkatu ditu lehengo lizentziaturak, diplomaturak eta ingeniaritza teknikoak, orain iraungitze bidean daudenak. Azpimarratu behar da lehengo diplomaturek baliodunak izaten jarraitzen dutela eta indarra dutela, eta lan eskudantzia berak dituztela tituludunen bizitza profesionalaren amaiera arte, eta, beraz, lehengo diplomadun batek ez dauka graduko titulu berri bat lortu beharrik bere irakasle lanbidean aritzeko.

Nolanahi ere, egokia da Unibertsitateek prestakuntza osagarri hau eskaintzea, lehengo diplomadunek beren irakaskuntza-ibilbideak Goi Mailako Hezkuntzaren eskema berrira egoki ditzaten. Hala master eta doktoretza ikasketak egitea errazago izango dute.


Beste arrazoi batzuk


Badaude beste arrazoi batzuk, unibertsitateak egokitzapen ikastaro hauek ematera bultzatu dituztenak. Alde batetik, gradu berriek diplomaturak baino ikasmaila bat gehiago dutenez, graduak maila handiagoa eta desiragarriagoa balitz bezala ikusten da. Horrez gain, gradu tituluak administrazio publikoko goi mailetara sartzeko aukera ematen du (funtzionarioen mailei dagokionean).

Aipatu da, halaber, gradu tituluak ikasketen jarraitasun bat errazten duela master eta doktoretzako unibertsitateko egituraren mailetan. Izan ere, diplomatura batekin master batean sartzeko aukera badago ere, EUEren esparruko plan berrietako master tituludun batek 300 ECTS kreditu egin behar ditu osotara.


Sarbidea


Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle Graduetara egokitzeko ikastaroetara sartzeko Unibertsitateko web-orrialdearen bidez egin behar da aurreinskripzioa. Modu presentzialean egin behar diren 30 kredituen prezioak hauek dira: 1.050 euro unibertsitateko komunitateko kideentzat eta Alumni programan izena eman duten ikasle ohientzat, eta 1.167 euro, unibertsitatetik kanpoko ikasleentzat. Aurreinskripzio-epea bihar asteazkena, maiatzak 15.

Ikastaro hauei buruzko informazioa nahi izanez gero, deitu Unibertsitate-Gizarte Fundaziora 948 16 9770 eta 948 16 9813 telefono zenbakien bidez edo idatzi universidad.sociedad@unavarra.es helbide elektronikora.