Joan eduki nagusira

zoom Esteban Morrasek parte hatu izan du gaur topaketa batean  irakasleekin, Aste Ekintzailearen barrenean.

Esteban Morrasek parte hatu izan du gaur topaketa batean irakasleekin, Aste Ekintzailearen barrenean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera emango dio gaur, astelehena, maiatzak 13, Aste Ekintzailearen V. edizioaren ekitaldi programari; Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) antolatzen du, kultura ekintzailea Unibertsitateko kideen artean sustatzeko xedez.

LUCE Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen, Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroaren (CEIN) eta Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartearen arteko lankidetza ekimen bat da. Xedea da Unibertsitatean ekintzailetza sustatzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak bateratzea.

Unibertsitateko Aste Ekintzailearen agenda gaur hasi da (Hartu kafe bat honekin: ....) solasaldi batekin. Irakasle eta ikertzaileei zuzendua dago, eta bertan parte hartuko du Esteban Morrás enpresaburuak; hark azalduko ditu bere esperientzia enpresariala eta bere ikuspuntua gaur egungo joera ekonomiko-sozialei buruz eta balizko merkatu zokoei buruz. Jarduera honen xedea da partaideek gonbidatuarekin partekatzea beren kezkak eta esperientziak, aholkularitza eta ideia berriak jasotzeko, eta horrek aukera emango du jakintza bestetaratzeko eta beharbada lankidetzak sorrarazteko.

Era berean, programan badaude hainbat lantegi ikasgeletan, eta, horietan, gaur egun beren enpresak zuzentzeko esperientzia ekintzailea duten unibertsitateko lizentziadunekin bilduko dira, eta beren negozio eredua eta esperientzia baliagarriak izan daitezke ikasleentzat. Jarduera honetan parte hartuko duten enpresak hauek dira: Atento, Biko2, Cocoworking Pamplona, Martan, Fila 0, Helphone, Mahei Innovation, Nadetech, Sensolab, Tafco Metawireless eta Tweet Category. Saioak honako gradu hauetan garatuko dira: ingeniaritzak (industria, telekomunikazioa, informatika, elektrikoa eta elektronikoa), EAZ, lizentziatura bikoitza, Lan Harremanak eta Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza.


Mahai-inguruak


Era berean, hilaren 15ean bi mahai-inguru egingo dira Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Oresme Aretoan. Alde batetik, "Ekintzailetza Nafarroan eta NUPen" izenburuarekin, (10:30ean). LUCEk espiritu ekintzailearen eta enpresen sorreraren eremuan eskaintzen dituen jarduerak eta zerbitzuak erakutsiko dira, eta NUPek ideiei eta enpresa proiektuei ematen dien laguntzak (Unibertsitatearen spin-off, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak, etab.). Era berean, ezagutzera emango dira GEM (Global Entrepreneurship Monitor) azterlanaren emaitzak, non aztertzen baita fenomeno ekintzailea eta enpresen sorrera Nafarroan, eta egoera hori alderatzen baita Espainiako eta munduko beste eskualde batzuetako egoerekin.

Beste alde batetik, "Ekintzaileak eta gizartea" mahai-inguruan (12:00etan) DIME Tecnología para todos, Engineea Remote Technologies eta Tafco Metawireless enpresetako arduradunek parte hartuko dute. Horiek beren esperientzia ekintzailea partekatuko dute bertaratzen direnekin, eta sortu dituzten negozioen egunez egunekoa ere bai, eta enpresak sortzeari dagokionez, gaur egungo egoerari buruz duten ikuspegia azalduko dute.

Jardueren egitaraua osatzeko "Espiritu ekintzailea eta enpresen sorrera sustatzea" lantegia egingo da (maiatzaren 14tik 16ra). Unibertsitate-Gizarte Fundazioak sustatu du lantegia eta hainbat alderdi jorratuko dira bertan, jakiteko ekintzailetza zer den: zer den eta zergatik den ideia ona ekintzaile izatea; nor bihurtzen den ekintzaile; zein diren negozio zoko berriak; zein diren ekintzaileen trebetasun gakoak; eta nola garatzen den negozio plan bat.

Aste Ekintzailearen programa osoa Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal da (www.unavarra.es/actualidad/congresos).