Joan eduki nagusira

zoom Bisitariak Industria Ingeniaritzako tailer batean.

Bisitariak Industria Ingeniaritzako tailer batean.

Ia 400 lagun etorri ziren joan den larunbatean, apirilaren 27an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko campusean programatutako Ateak Zabaltzeko azken Egunera, ingeniaritzei buruz izan zena bete-betean. Saioan Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskolako titulazioak xehetasunez aurkeztu dira. Karrera horiei buruzko informazioa osatuko da gaur arratsaldean egingo den bideotxat baten bidez, non etorkizuneko ikasleek bi eskola horietako titulazioei buruzko zalantzak argitzeko aukera izango baitute.

Larunbat honetako saioa goizeko 10:00etan hasi zen Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan Nekazaritza Ingeniarien Eskola Teknikoko Gradu titulazioen aurkezpenarekin (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza eta Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza). Javier Casalí Sarasíbar Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordea izan zen ekitaldiaren buru, eta bertan izan ziren Alberto Enrique NIGMETeko zuzendaria, eta Kizkitza Insausti eta Cristina Arroqui zuzendariordeak.

zoom Pertsona talde bat lanabesei begira, Nekazaritzako Ingenierien Eskolako laborategi batean.

Pertsona talde bat lanabesei begira, Nekazaritzako Ingenierien Eskolako laborategi batean.

Ondoren, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioen aurkezpen ekitaldia egin zen Ikasgelategiko 09. gelan. Bertan aurkeztu ziren Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Gradua, Ingeniaritza Mekanikoko Gradua, Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinuko Gradua (Tuterako campusa), Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza Gradua eta Informatika Ingeniaritzako Gradua. Ekitaldi horren aurkezpena egin zuen Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordeak, Ignacio Matías NIGMETeko zuzendariarekin, eta Pablo Sanchis eta Antonio López zuzendariordeekin batera.

Nekazaritzako eta Industria eta Telekomunikazioko karreretako aurkezpenak amaitu ondoren, bisitaldia egin zen lantegietara, laborategiatera eta praktiketako etxaldera. Gainera, interesa zutenek aukera izan zuten Arrosadiko campuseko beste eraikin batzuk ere ezagutzeko, esaterako, Liburutegia, kirol instalazioak edo Urkiak ikasleen egoitza.


Ingeniaritzei buruzko bideotxata


Hori guztia gaur arratsaldean osatuko da bideotxat baten bidez, non etorkizuneko Ingeniaritzako titulazioetako ikasleen zalantzei erantzuna emango zaien. Saioak 18:00etatik 20:00etara egongo dira ikusgai NUPen webgunean (www.unavarra.es), eta interesa dutenek beren kontsultak eta galderak egiteko aukera izango dute, bai aldez aurretik galdetegi baten bidez bai zuzenean bideotxatak transmititzen ari direnean.

Lehenbiziko saioa 18:00etan hasiko da, eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioak izango ditu ardatz. Ordubete geroago, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoari buruzko zalantzak argituko dira. Lehen bideotxataren aurkezpena egingo du Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako eta Enplegurako errektoreordeak, eta Jesús María Pintor Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordeak egingo du bigarrena.

NUPek egin ditu jada beste bi online jardunaldi, non etorkizuneko ikasleek aukera izan duten Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako eta Giza eta Gizarte Zientzien, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien fakultateetako titulazioei buruzko zalantzak argitzeko.


Aurreinskripzioa, ekainean


Gogoratuko denez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldatu egin ditu, aurten, aurreinskripzioa egiteko epeak. 2013-2014 ikasturtean Gradu ikasketak NUPen hasi nahi dituztenek ekainean egin beharko dute aurreinskripzioa. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, kendu egin da azken urteotan apirilean egiten zen aurreinskripzio aurreratuaren astea.