Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Bordeaux Segalen Unibertsitateko Institut de Santé Publique, d’Epidemiologie et de Développement (ISPED) izenekoak, bihar, asteazkena, aurkeztuko dute Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan Osasun Sustapeneko eta Garapen Sozialeko Masterra. Nazioarteko masterra da eta online modalitatean eta lehendabiziko aldiz espainieraz emango da. Aurkezpena interesa duen edonori zuzenduta dago, eta 18:00etan hasiko da NUPeko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako ekitaldi-aretoan. Eraikina Iruñeko ospitalegunean dago.

Osasun sustapenaren eta garapen sozialaren esparruan kalitateko programak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko gai diren profesionalak prestatzera zuzenduta dago master berri hau. Halaber, osasun erronkei aurre egitera zuzendutako tresna berritzaileak garatu eta egokitu nahi ditu, Latinoamerikako eta Europako profesionalen arteko trukearen eta lankidetzaren bidez.

Osasun Zientzietan (Erizaintza, Fisioterapia, Giza Nutrizioa eta Dietetika, Odontologia, etab.), Hezkuntzaren Zientzietan eta Gizarte Zientzietan (Soziologia, Psikologia, Ekonomia, Gizarte Lana, Kazetaritza, Komunikazioa) esperientzia duten lizentziadun, graduatu eta unibertsitateko ikasketetako 4 urte edo baliokideak (240 ECTSren baliokidea) egin dituztenei zuzenduta dago masterra.


Baterako titulazioa


Bordeaux Segalen Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren baterako titulazioaren proposamena da eta Institut de Santé Publique, d’Epidemiologie et de Développement (ISPED) izeneko Bordeaux Segalen Unibertsitateko institutuak koordinatzen du. Frantzian sortutako osasun publikoko lehen eskola da ISPED, eta 20 urtean mundu osoko 12.000 ikasle edo profesional prestatu ditu. Osasun publikoko graduondoko eta titulu berekien eskaintza zabala dauka: Epidemiologia, Bioestatistika, Nazioarteko Osasun Publikoa, erakunde mediko eta mediko-sozialen kudeaketa, Osasun Sustapena, Informatika medikoa.

Masterrak bazkide sare zabala dauka Espainian, Frantzian eta Latinoamerikan praktika profesionalak egiteko. Titulazio bikoitz ofiziala eskaintzen du Espainian (ANECAk ez du onetsi oraindik) eta Frantzian, bai eta unibertsitate bazkideetako edo munduko beste edozein unibertsitatetako doktoretza-programetako bat egiteko aukera ere.

Ikasketa horiek urte bateko iraupena dute (60 ECTS), espainieraz eta/edo frantsesez egiteko aukera dago eta 20 ikaspostu daude gehienez ere. Inskripzioa egiteko epea irekita dago martxoaren 15etik, eta ekainaren 15ean amaituko da. Masterrak Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Eskualdearen babesa jaso du Akitania-Nafarroa Kooperazio Funtsen esparruan.