500 lagun inguru bildu ziren larunbatean, apirilaren 20an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Iruñean programatutako Ateak Zabaltzeko bi egunetatik lehenengoan. Saio horretan Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien, Giza eta Gizarte Zientzien, eta Zientzia Juridikoen Fakultateetako titulazioei buruzko xehetasunak eman ziren. Aurkezpen horiek heldu den asteazken eta ostegunean osatuko dira online egingo diren Ateak Zabaltzeko saioen bidez.
Horietan, titulazioetako arduradunek informazioa emango dute zuzenean Interneten bidez, eta interesa dutenek igortzen dituzten galderei erantzungo diete.
Ateak Zabaltzeko online saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira, eta Unibertsitatearen web-orrialdean egongo dira ikusgai (www.unavarra.es).
Interesdunek kontsultak eta galderak aldez aurretik bidaltzeko aukera izango dute.
Zehazki, lehen online Eguna apirilaren 24an hasiko da, Zientzia Juridikoen Fakultatearen aurkezpenarekin (18:00etatik 19:00etara) eta ondoren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen aurkezpenarekin (19:00etatik 20:00etara).
Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, ostegunean, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolaren aurkezpena izango da (18:00etatik 19:00etara), eta gero Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearena (19:00etatik 20:00etara).
Larunbatean, hitzaldiak eta bisita gidatuak
Joan den larunbatean, parte-hartzaileek graduen ezaugarriak azaltzen ziren hitzaldietara joan ondoren, bisita gidatua egin zuten Arrosadiko campusean zehar, kirol instalazioak eta Urkiak unibertsitate egoitza ikusteko. Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola daukan Osasun Ikasketen campusaren kasuan, laborategiak bisitatu zituzten.
Horretaz gainera, Ikasleentzako Argibide Bulegoa (Ikasgelategiko 021. ikasgelan) irekita egon zen aurreinskripzio, egoitza, beka eta abarrei buruzko galderei erantzuteko.
Egitaraua goizeko 10:00etan hasi zen Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduen aurkezpenarekin (Erizaintza eta Fisioterapia), Osasun Zientzien eraikineko ekitaldi aretoan, Barañaingo etorbidean. Koordinatu zuten hitzaldia Paloma Vírseda Chamorro Ikasleen Gaietarako errektoreordeak, eta Ana Insausti Serrano eta Yolanda Montes García Eskolako zuzendariordeek.
Eta 10:00etan, halaber, baina Ikasgelategiko 09. ikasgelan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko graduen aurkezpena egin zen. Graduak hauek dira: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ), Ekonomia, eta nazioarteko programa elebidunak (EAZ, Ekonomia eta Ekonomia eta EAZ gradu bikoitza). Bertan egon ziren Manuel Rapún Gárate Ekonomia, Plangintza eta Kalitateko errektoreordea, eta Antonio Gómez Gómez-Plana dekanordea.
Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi saiotan banatu zuen aurkezpena. Lehenbiziko saioan, goizeko 11:30ean Ikasgelategiko 012. gelan egin zen horretan, Gizarte Laneko eta Soziologia Aplikatuko graduei buruzko argibideak eman zituzten. Hauek eman zuten informazio hitzaldia: Eloísa Ramírez Vaquero Unibertsitate Proiekzioko errektoreordeak; Kepa Fernández de Larrinoa Pablos Fakultateko dekanordeak; eta Jesús Hernández Aristu (Gizarte Laneko Sailekoa) eta Ricardo Feliu Martínez irakasleek (Soziologia Sailekoa).
Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko bigarren saioa Irakasle graduei buruzkoa izan zen (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza). Ikasgelategiko 09. ikasgelan egin zen, 12:30ean, eta bertan parte hartu zuten David Benito Pertusa Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordetzaren Hezkuntza Berrikuntzaren Arloko zuzendariak, Eduardo Lacasta Zabalza Fakultateko dekanoak eta Miguel Rodríguez Wilhelmi idazkariak.
Azkenik, Zientzia Juridikoetako Fakultateko Graduak (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eta Zuzenbide eta EAZ gradu bikoitza) 11:30ean aurkeztu ziren 013. ikasgelan. Idazkariorde nagusia Soledad Barber Burusco, José Francisco Alenza García dekanoa, eta Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Fakultateko idazkaria aritu ziren titulazio hauen gorabeherak azaltzen.
Heldu den larunbatean, bigarren egun presentziala
Arrosadiko campusean Ateak Zabaltzeko bigarren Eguna hurrengo larunbatean, apirilaren 27an, egingo da eta, horretan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (11:30etik aurrera) eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko titulazioak (10:00etatik aurrera) aurkeztuko dira. Bi saioetarako egitarau osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgune ofizialean dago kontsultatzeko (www.unavarra.es).
Ateak Zabaltzeko bigarren eguna osatzeko, hirugarren online aurkezpena egingo da apirilaren 29an, eta aurkezpen hauek izango dira: Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarena (18:00etatik 19:00etara) eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarena (19:00etatik 20:00etara).
2013-2014 ikasturtean Gradu ikasketak NUPen hasi nahi dituztenek ekainean egin beharko dute aurreinskripzioa. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, kendu egin da azken urteotan apirilean egiten zen aurreinskripzio aurreratuaren astea.