Joan eduki nagusira

zoom Ikasle talde bat liburutegian.

Ikasle talde bat liburutegian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Arrosadiko Campusean programatu dituen Ateak Zabaltzeko Egunetako lehena egingo du larunbat honetan, apirilaren 20an. Hurrengo larunbateko egunean hitzaldi hauek antolatu dira: Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako titulazioei buruz (Erizaintza eta Fisioterapia). Zientzia Juridikoen Fakultateko titulazioei buruz (Zuzenbidea, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak eta Gradu bikoitza Zuzenbidean eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoei buruz (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoei buruz (Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitza, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren nazioarteko programa elebidunak, eta Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzaren Gradu bikoitz eta elebiduna).

Saio horiek 2013-14 ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude. Ateak Zabaltzeko Egunak ikasleei eta gurasoei zuzentzen zaizkie, eta ikastegien eta titulazioen arabera antolatzen dira. Programaren barruan informazio hitzaldiak egin eta laborategiak eta lantegiak erakutsiko dira (osasun arloko karreren kasuetan), bai eta unibertsitateko gainerako instalazioak ere (liburutegia, errektoretza...). Halaber, horretarako interesa daukatenek kirol instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute.

Saioa 10:00etan hasiko da Osasun Zientzien eraikinean (Barañain etorbidea z/g) Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako graduen aurkezpenarekin. Ordu horretan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen hitzaldia egingo da Ikasgelategiko 09. ikasgelan. Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak Gizarte Laneko Gradua eta Soziologia Aplikatuko Graduaren berri emango du 11:30ean (012. ikasgelan), eta Haur Hezkuntzako Irakasle Gradua eta Lehen Hezkuntzako Gradua 12:30ean aurkeztuko dira (09. ikasgelan). Azkenik, 11:30ean, 013. ikasgelan, Zientzia Juridikoen Fakultatearen hitzaldia egingo da. Egun honi buruzko informazioa www.unavarra.es webgunean dago.

Azken eguna apirilaren 27a, larunbata, izango da. Informazio-saioak titulazio hauei buruz izango dira: Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduei buruz (Elikagaien Prozesuen eta Produktuen Berrikuntza Gradua eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Gradua), eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoei buruz (Ingeniaritza Mekanikoa, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza eta Ingeniaritza Informatikoa).


Ateak Zabaltzeko egunak on-line


Aurtengo berrikuntzetako bat da NUPek bere gradu-eskaintzaren aurkezpena ere egingo duela Ateak Zabaltzeko egunak on-line ekimenaren bidez. Honetan, titulazio guztietako arduradunek informazioa emango dute interneten bidez, denbora errealean, eta interesdunek bidaltzen dituzten galderei erantzungo diete. Guztira hiru egun programatu dira, 18:00etatik 20:00etara izango direnak. Egunok jarraitzeko Unibertsitatearen web-orrialdea erabiltzea dago (www.unavarra.es). Interesdunek kontsultak eta galderak aldez aurretik bidaltzeko aukera izango dute.

On-line egun hauek apirilaren 24an hasiko dira, Zientzia Juridikoen Fakultatearen aurkezpenarekin (18:00etatik 19:00etara) eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen aurkezpenarekin (19:00etatik 20:00etara). Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolaren aurkezpena izango da (18:00etatik 19:00etara), eta gero Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearena (19:00etatik 20:00etara). Azken eguna apirilaren 20an izango da, eta aurkezpen hauek izango dira: Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarena (18:00etatik 19:00etara) eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarena (19:00etatik 20:00etara).


Aurreinskripzioa ekainean


Gogoratuko denez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldatu ditu, aurten, aurreinskripzioa egiteko epeak. 2013-2014 ikasturtean Gradu ikasketak NUPen hasi nahi dituztenek ekainean egin beharko dute aurreinskripzioa. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, kendu egin da azken urteotan apirilean egiten zen aurreinskripzio aurreratuaren astea.

Orain arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurreinskripzio aurreratua egiteko aste bat antolatzen zuen urtero apirilean, irailean Gradu ikasketak hasteko asmoa zutenen eskaerak jasotzeko. Aurreinskripzio horrek ikaspostu bat lortzerakoan ohiko inskripzioarekiko lehentasunik ezartzen ez bazuen ere –Espainiako unibertsitate publiko guztietarako arautegiak xedatutakoaren arabera ekainean egiten da ohiko inskpripzioa– , etorkizuneko unibertsitate ikasleen orientazioa aurrerapenez jakiteko modua ematen zuen. Baldintza batzuk bete behar dira onartua izateko. Esaterako, Unibertsitatean Sartzeko Probak gainditzea Batxilergoaren bidea aukeratu dutenentzat. Proba horiek (Hautaprobak deitzen direnak) ekain hasieran egiten dira.