Joan eduki nagusira

zoom Paula Jáuregui Onieva

Paula Jáuregui Onieva

Paula Jáuregui Onieva Biologian eta Biokimikan lizentziaduna da, eta bere doktoretza tesian ardiek eta ahuntzek dauzkaten berezko immunitatea murrizten duten faktoreak ikertu ditu. Zehazki, faktore hauek birusen aurkako jarduerarik ote duten ikertu du, gero, ikerketa gehiago egin eta gero, erabili ahal izateko abere hauen zenbait gaixotasunari aurrea hartzeko, esaterako mastitisari, artritisari, penumoniari eta/edo entzefalitisari.

Doktoretza tesiaren gaia da hausnarkari txikiek lentibirusen aurrean daukaten berezko immunitatea. Lentibirusak infekzio geldoak sorrarazten dituzten birusak dira. Immunitate sistema hondatzen dute eta zenbait patologia sorrarazten. Esaterako, Visna Maedi birusak arnasteko arazoak sortzen dituen Maedi gaixotasuna eragiten du ardiengan, eta Visna gaixotasuna, nerbio-arazoekin lotutakoa. Hausnarkari txikien lentibirusek talde oso heterogeneoa osatzen dute. Horien artean ahuntzen artritisaren eta entzefalitisaren birusa dago.

Tesiaren izenburua “Inmunidad innata frente a lentivirus de pequeños rumiantes (SRLV): Papel de TRIM5” da, eta kalifikaziorik handiena lortu du (Gai cum laude). Ramsés Reina doktoreak eta Damián de Andrés ikertzaileak zuzendu dute. Reina CSIC-ek kontratatu du Agrobioteknologia Institutuan (institutu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, Zientzia Ikerketetarako Goi Mailako Kontseiluarena eta Nafarroako Gobernuarena da), eta Damián de Andrés CSIC-eko ikertzailea da eta Agrobioteknologia Institutuan dago.

Paula Jaureguik azaltzen duenez, "gaur egun ez dago txertorik, ezta tratamendu eraginkorrik ere, infekzio hauen aurka. Beraz, berezko immunitatea murrizten duten faktoreen ikerketa aukera ona izan daiteke infekzio horiei aurre egiteko". Aztertzen diren murrizketa faktoreak birus-zikloa inhibitzen duten zenbait zelulatako proteina birus kontrakoek osatzen dute. Ikerketa TRIM5 deitzen den faktore batean zentratu da. Faktore honek, antza denez, galarazten du birusa zelularen genoman txerta dadin, eta infekzioa eragozten du.

Murrizketa faktore honek nola jokatzen duen hobeki ulertzeko asmoz, ikertzaileak lau helburu jarri zizkion bere doktoretza tesiari: TRIM5 identifikatzea eta ezaugarritzea ardiengan eta ahuntzengan; lentibirusek sortutako infekzioetan jokatzen zuen balizko murrizketa papera zehaztea; murrizketa aztertzea erretrobirus heterologoen infekzioetan; eta azkenik, analisi filogenetikoen bidez ikertzea lentibirusen eta TRIM5en arteko koeboluzioa etxeko hausnarkarietan eta hausnarkari basatietan.

Paula Jauregui Nafarroako Unibertsitateko Biologia eta Biokimikako lizentziaduna da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Bioteknologia Masterra egin zuen, ohorezko matrikula lortuz. Bioteknologian doktorea da. Gaur egun Estatu Batuetako New Yorkeko New York Universityn (NYU) ari da, bertako Mikrobiologia sailean. Sei artikulu argitaratu ditu nazioarteko argitalpenetan, egilekidetzan, eta hainbat nazioko eta nazioarteko biltzarretan parte hartu izan du.