Joan eduki nagusira

zoom Pedro Burillo, ezkerrean, Unibertsitatearen lehen eskola egunean.

Pedro Burillo, ezkerrean, Unibertsitatearen lehen eskola egunean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, heldu den ostiralean, apirilaren 19an, Urrezko Domina emango dio Pedro Burillo Lópezi Unibertsitatearen Eguna ospatzeko irakaskuntza-ekitaldian. Julio Lafuente López errektorea izango da ekitaldiaren burua, 12:00etan hasiko da Fernando Remacha aretoan (Sario eraikinean), eta Nafarroako agintari nagusiek parte hartuko dute. Julio Lafuente errektoreak proposatuta emango dio goresmen-saria Gobernu Kontseiluak, eta NUPen aitortza adierazten dio Batzorde Eratzailearen buru eta lehenbiziko errektorea izan zenari, instituzioari eman dizkion "zerbitzu apartengatik".

Unibertsitatearen Egunaren ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta Julio Lafuente errektoreak emango dio hasiera. Egitarauan daude 2011-2012 ikasturteko Aparteko Sariak ikasleei ematea; azken urtean hil diren unibertsitateko kideei omenaldi bat egitea; eta intsigniak jartzea erretiratutako langileei. Gainera, doktore berriak inbestituko dira, eta azken urte honetan izendatutako irakasle funtzionarioak lanpostuaz jabetuko dira. Ekitaldiaren alderdi musikala Nafarroako Goi Mailako Musika Eskolako Orkestrak eta Unibertsitateko Abesbatzak beteko dute.

Ondoren, Urrezko Domina emango zaio Pedro Burillori. NUPeko Konputazioaren Zientziak eta Adimen Artifizialeko katedraduna izan da NUPen, eta 2012. urtean hartu zuen erretiroa. Domina eta diploma jaso ondoren, Burillok hitz batzuk eskainiko dizkie ekitaldira joandako gonbidatuei. Julio Lafuente errektoreak hitzaldi batekin emango dio amaiera ekitaldiari.


Bosgarren domina NUPen historian


Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina ematen da esker ona adierazteko nazioan edo nazioartean zientzien, letren, ikerketa zientifikoaren, irakaskuntzaren, sormen artistikoaren, kirolaren arloan eta arlo humanitarioan ospe handia duten pertsonei, eta instituzioari zerbitzu apartak eskaini dizkioten pertsonei edo erakundeei.

Pedro Burillori emango zaion Urrezko Domina NUPen historian emango den bosgarrena da. Beste lauak Nafarroako Parlamentuari (1998), NUP garatzeko emandako laguntza eta konfiantzagatik; Arrosadiko campusa diseinatu zuen arkitektoari (2000), Francisco Javier Sáenz de Oizari, hil ondoren; Zaragozako Unibertsitateari (2002), Nafarroaren goi mailako irakaskuntzan betetako lanagatik; eta William A. Douglassi (2006), Eusko Ikaskuntzen Zentroko irakasle emerituari, bere liburutegi partikularra eman Baitzion Nafarroako Unibertsitate Publikoari.