Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Antonio Rodríguez, Gurutze Pérez Artieda, David Astrain, Alvaro Martínez eta Patricia Aranguren ikertzaileak laborategian

Ezkerretik eskuinera, Antonio Rodríguez, Gurutze Pérez Artieda, David Astrain, Alvaro Martínez eta Patricia Aranguren ikertzaileak laborategian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait ikertzaile lanean ari dira energia elektrikoa kontsumitu gabe hozte-efektua sortzeko gai diren hozkuntza sistemak garatzeko. Zehazki, jada sortu dute auto-hozkuntza termoelektrikoko gailu baten prototipoa, beroa sortzen duten gailuetan 30ºC-tik gorako "doako" hozte-efektua lortzen duena. Izan ere, ekipoak hozkailu tradizional baten moduan jarduten du, baina ez du elektrizitaterik kontsumitzen, funtzionatzeko behar duen energia xahutu behar den berotik lortzen baitu.

Ikertzaileek sistema hau aplikatu nahi dute energia elektriko berriztagarria sortzeko zentraletan dauden potentzia bihurgailuetan eta transformadoreetan, esaterako, energia eolikoan, eguzki energia fotovoltaikoan, eguzki energia termoelektrikoan eta hidraulikoan. David Astrain Ulibarrena NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko kide eta proiektuaren ikertzaile nagusiak, sistema zertan datzan azaldu du: "Gailu hauek, funtzionatzen ari direnean, berotu egiten dira, eta hoztu egin behar dira. Kasu askotan haizagailuak dituzten bero trukatzaileak erabiltzen dira, logikoki, kanpotik elikatu behar direnak eta potentzia elektriko kantitate bat kontsumitzen dutenak. Guk egiten duguna da potentzia bihurgailuak eta transformadoreak igortzen duten beroaren fluxua aprobetxatu haizagailuak funtzionarazteko behar den energia elektrikoa sortzeko. Horrela, lortzen dugu hozte-efektua eta gailuaren tenperatura kontrolatzea, baina energia-kosturik gabe.

Hondar-energia aprobetxatzea

Auto-hozkuntza termoelektrikoko aplikazio hau GETER (Energia termoelektrikoa sortzea hondar-beroaren energiarekin) proiektuaren jarduera lerroetako bat da. Proiektuaren helburu nagusia da maila termiko txikiko beroaren energia energia elektriko bihurtzeko bidea ematen duten sorgailu termoelektrikoak garatzea; hau da, 250ºC-tik beherako tenperaturen hondar-beroaren fluxuak. "Sorkuntza termoelektrikoari dagokionez, etorkizunerako perspektiba hoberenak doako bero iturriekin lotuak daude, hondar-beroaren fluxuen kasuan bezala —azaltzen du Astrain irakasleak—. Bero iturri oso ohikoak dira (Espainian, energia primarioaren % 40a, hondar-beroaren forman xahutzen da), baina lurrun turbinak eta gasa bezalako elektrizitatea sortzeko sistema konbentzionalekin, nekez aprobetxa daitezke".

Sorkuntza termoelektrikoa oso erabilia izan da tenperatura ertainerako eta handietarako (250º C-tik 1.200º C-ra artean) erabilera militarretan eta aeroespazialetan. Duen gaurkotasunagatik, sorgailu termoelektrikoa nabarmentzen da, haren bidez hornitzen baita energiaz Curiosity esplorazio-ibilgailua Marte planetan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko GETER proiektuak teknologia hori egokitu nahi du tenperatura baxuan eta haren aplikazioa hoberentzea eremu zibilean.

Proiektu honen esparruan, ikerketa taldeak saiakera gisa garatu du eta balioztatu du eredu konputazional bat, eta horrek frogatu du badagoela 1 kW arte energia elektriko erdiesteko aukera tximinia industrial baten metro kubiko bakoitzeko.

GETER proiektuak 86.000 euroko finantzaketa dauka Plan Nazionalaren ez bideratutako ikerketa proiektu funtsatuei laguntzak emateko, eta hiru urtekoa da. NUPeko Ingeniaritza Termiko eta Jariakinen taldeak 15 urtetik gora daramatza hozte termoelektrikoan lanean. Denbora horretan, besteak beste, garatu ditu bi bero trukagailu, fase aldakorreko termosifoia dutenak, Peltier moduluen alde berorako eta hotzerako, eta horrek aukera eman zuen hozkailu termoelektrikoen eraginkortasuna % 66an areagotzeko. Taldeak 5 nazioarteko patente ere garatu ditu, Bosch Siemensen jabetzakoak.