Joan eduki nagusira

zoom Lucía Martínez Virto

Lucía Martínez Virto

Lucía Martínez Gizarte Lanean diplomaduna denak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Ongizatean graduondokoa duenak bere doktoretza-tesian aztertu eta identifikatu ditu Espainian krisiaren eragina dela-eta gertatzen ari diren bazterketa eta integrazio prozesuak. Ateratako ondorioen artean, egiaztatu du krisiak eragin handiagoa duela familia baztertuetan eta “dituen ondorioak dira elikagaiak kentzea, etxetik bidaltzea edo prestazioak agortzea”. Bere iritzian, “garrantzitsua da bide horiek geldiarazten, esku-hartze ereduak egokitzen eta gizarte bazterketaren aurkako politikak berrikusten lagunduko duen urgentziazko estrategia bat diseinatzea”.

Bere doktoretza-tesiaren izenburua “Bazterketa prozesuak krisi testuinguru batean: estrategiak integrazio faktore gisa” da. Begoña Pérez Eransus Gizarte Laneko Saileko irakasleak zuzendu du eta kalifikazio gorena lortu, gai cum laude. Ikerketa-lanak hiru ikuspegitatik aztertzen ditu bazterketa prozesuak (egitura-ikuspegia, erakunde-ikuspegia eta norbanakoaren ikuspegia). Beraz, bere metodologiak azterketa-aldagaiak erabiltzen ditu integrazioko bazterketa-egoeren hiru alde nagusietan: enplegua, gizarte-politikak eta laguntza-sareak.

Lucía Martínez Virtok bere analisian kontuan hartu ditu bai zailtasunak dituzten familiek bizirik irauteko egiten dituzten ahaleginak nabarmentzeko beharra, bai une honetan egiteak daukan garrantzia ere, “egoera ekonomikoak agerian ipini du bazterketa eta integrazio espazioen arteko aldea handiagotzen ari dela”. Lanak, hainbat paradigma teoriko aztertzeaz gainera, inkestak eta familia baztertuetako bizitzari buruzko kontakizunen analisiak dauzka.


Estrategiak eta mitoak


Ikertzaile honek aipatzen duenez, “ikusi dugu estrategiak integrazio faktore bat direla, familien premia-egoerak arintzen dituztelako. Hainbat alternatibari buruz ari gara. Esaterako, familia-harrera, edozein lanaldi edo lan baldintza onartzea, bitxiak bahian ematea, arropa egitea edo, gatazka maila handiko bizikidetzak jasatea”. Nolanahi ere, ondorioztatzen da estrategia horiek garatzea integrazio faktore anbibalentea dela “estrategia horiek ere kostuak baitituzte, integratu egiten dute, baina bazterketa prozesu berriak ere sortzen dituzte, honako egoera hauekin lotuak daudenak: osasunak okerrera egitea, autoestimua galtzea, akitze ekonomikoa, edo espaziorik eza eta familietan gatazkak areagotzea”, esan du.

Tesi honen emaitzek zailtasunak dituzten familien bizi baldintzak laguntzen dute, baina, batez ere, egilearen hitzetan, kolektibo horiekin lotutako mito batzuk baztertzen laguntzen dute. Alde batetik, jarduerarik eza eta bilatzen den kronikotasuna bezalako aurreiritzien aurrean, “estrategiak egoteak frogatzen dit familia horiek zailtasun egoerak gainditzeko eta egoera horietan bizirik irauteko egin behar dituzten ahalegin handiak”. Bestalde, familia ugariek prestazio eta zerbitzu publikoak galdu izanak, laguntza-sarerik ez izateak edo jarduera irregularrak garatzeko mugak izateak “gezurtatu egiten du oso zabaldua dagoen irudi bat, alegia, kolektibo horiek prestazio sozialen, familiaren edo ezkutuko enpleguaren mendeko direla”.

Bere ikerketaren emaitzak ikusita, Lucía Martínez Virtok aipatzen du “esku-hartze ereduak egokitzeko eta gizarte bazterketaren aurkako gizarte-politikak berrikusteko beharrari buruz gogoeta egitera bultzatzen dutela”. Aurkeztutako proposamenen artean, “bazterketa-prozesuak ugaritu direnez, eta estrategiek integratzen dutela frogatu denez, garrantzitsua da urgentziazko erantzun bat ematea, bide horiek geldiarazten, eta estrategien garapena babesten, eta ez zigortzen, lagunduko duena”.

Lucía Martínez Virto Gizarte Ongizateko master ofizialeko lehen promozioko kidea izan zen, NUPeko Gizarte Laneko Sailak emana, eta Espainian aitzindaria profesional horien hirugarren zikloko prestakuntzan. Martínez Virto doktoreak bere ikertzaile lana egiten du ALTER ikerketa taldean 2009tik hona (Arazo sozialen analisia eta alternatiben diseinua). Urte hauetan estatu mailako eta nazioarteko hainbat ikerketatan parte hartu du, eta desberdintasunaren, pobreziaren eta gizarte bazterketaren azterketan espezializatu da. Aldizkari zientifikoetan argitaratutako hainbat artikuluren, liburu atalen eta biltzarretan aurkeztutako hainbat biltzar-txostenen egilea eta egilekidea da. 2012an irakaskuntza-egonaldi bat egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batua), eta gizarte bazterketaren aurkako gizarte-politiken azterketa konparatuan sakontzeko aukera izan zuen.