Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostegun honetan, martxoaren 21ean irekiko du 2013-14 ikasturtean emango dituen 27 masterretarako lehen aurreinskripzio-epea. NUPeko Gobernu Kontseiluak onetsi du graduondoko titulu ofizialen eskaintza, eta bi master berri daude. Honako hauek dira: Unibertsitate Masterra Modelizazio eta Ikerketa Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan eta Unibertsitate Masterra Osasunaren Sustapenean eta Gizarte Garapenean. Aurreinskripzioa Interneten bidez egingo da, eta epea maiatzaren 15ean bukatuko da.
Bestalde, eskaintzan sartu diren bi master berriak unibertsitateartekoak dira eta Unibertsitateen Kontseiluaren egiaztapenaren eta Nafarroako Gobernuaren onespenaren zain daude. Osasun Publikoaren Sustapeneko eta Gizarte Garapeneko Unibertsitate Masterra Bordeaux Segalen Unibertsitatearen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren artean batera emateko titulazio baten proposamena da eta online modalitatean emango da.
Bestalde, Modelizazio eta Ikerketa Matematiko, Estatistika eta Konputazioko Unibertsitate Masterra Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen du, eta Zaragoza, Oviedo, Errioxa eta La Lagunako unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak parte hartzen dute. Titulazio hau Matematikan Ikerketan Hasteko Masterraren eta Modelizazio Matematikoa, Estatistika eta Konputazioko Masterraren oinordekoa da. Master horiek 2007 eta 2012 ikasturteetan eman ziren. Masterren zerrenda eta beren edukia helbide honetan daude: www.unavarra.es
Masterretan aurreinskripzioa egiteko orain ireki den lehen epea maiatzaren 15ean amaituko da. Onartutakoen zerrendak ekainaren 4an argitaratuko dira, eta matrikula ekainaren 17tik 21era bitartean egin behar da. Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste aurreinskripzio epe bat irekiko du uztailaren 15etik 31ra arte oraindik ikaspostu hutsak dituzten graduondoko titulazioetan. Kasu honetan, matrikula irailaren 16a eta 20 bitarteko egunetarako programatu da, beren graduondoko ikasketak aurreko ikasturteetan hasi zituzten ikasleen kasuan bezala. Masterretako irakaskuntza zuzendariek hirugarren aurreinskripzio epe bat baimentzeko aukera dute urriaren 11tik 23ra.
Ateak Zabaltzeko eguna maiatzaren 8an
Aurreko urtean bezala, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Masterretako Ateak Zabaltzeko Egun bat antolatu du, eta maiatzaren 8an egingo da Arrosadiko campusean eta Osasun Ikasketen eraikinean. Programa arratsaldean egingo da, eta hitzaldiak egingo dira jakintza-arloka. Hitzaldietan izango dira titulazio bakoitzeko irakaskuntza-arduradunak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduondokoak osatuko dira titulu berekiekin, eta Gobernu Kontseiluak laster onetsiko du horien eskaintza 2013-14 ikasturterako.