Joan eduki nagusira

zoom José Ramón Alfarok tableta ematen dio Maider Gonzálezi.

José Ramón Alfarok tableta ematen dio Maider Gonzálezi.

Maider González Urtizberea Fisioterapia Graduko ikaslea izan da Android sistema duen tableta baten zozketaren irabazlea. Irakasleen irakaslana ebaluatzeko inkesta batean parte hartu duten Nafarroako Unibertsitate Publikoko 2.448 ikasleen artean egin da aipatu zozketa. Inkesta 2012ko abenduan erantzun dute ikasleek, eta haren helburua da Unibertsitatean ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruzko informazioa lortzea. Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez. Atari hori NUPen webgunean dago, eta ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka.

Maider Gonzálezi tableta emateko ekitaldia Tuteran egin da, eta bertan egon da José Ramón Alfaro Tuterako campuseko errektoreordea.

Inkesta hauetako parte-hartzaileek zenbait atali erantzuten diete hainbat galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.

Ikasleek inkestan emandako datuak konfidentzialak dira, eta datu horiei esker Unibertsitateak nahikoa informazio biltzen du eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakaskuntza Antolatzeko Errektoreordetzak sustatu duen galdeketa honek Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren eta Kalitate Unitatearen lankidetza dauka.

Irakasleek ikasturteko eskolak amaitzean ezagutzen dituzte galdeketaren emaitzak. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.

Irakasleen irakaslana ebaluatzeko inkesta abian jarri zenetik, gero eta ikasle gehiagok parte hartzen dute. Azken inkesta honetan galderei erantzun dieten ikasle kopurua % 35ekoa da.