Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak beka batzuetarako deialdia egin du, ikasleek Europako enpresetan praktikak egin ditzaten, 2012-2013 Erasmus mugikortasun programaren bidez. Gutxienez ere hiru hilabete eta gehienez ere zazpi hilabeteko egonaldiak egingo dira programa honen barruan dauden europar enpresetan, eta eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da. Inskripzioak Unibertsitatearen erregistroetan egin behar dira Iruñean eta Tuteran.

NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak egindako deialdiaren xedea da lan merkatuak Europar Erkidegoan dituen eskakizunetara egokitu daitezen ikasleak, gaitasun espezifikoak har ditzaten eta dagokion herrialdearen ingurune ekonomiko eta sozialaren gaineko ezagutza hobetu dezaten laguntzea, lan esperientzia hartzen duten bitartean. Postu horiek lortzen dituztenei hilean 300 euroko diru-laguntza ematen die Europar Batasunak eta beste 300 euro ematen dizkie Hezkuntza Ministerioak, enpresa hartzaileak eman diezaiekeen bekaz gainera.

Parte-hartzaileek Graduko, Lehen Zikloko edo Bigarren Zikloko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egon eta beren titulazioko lehen ikasmailako kreditu kopuru osoaren baliokidea izango den kreditu kopurua gainditua izan behar dute. Horrez gain, aurreko ikasturtean gutxieneko kreditu kopuru bat gainditua izan behar dute eta hizkuntzen gutxieneko ezagutza egiaztatu. Deialdiaren oinarriak hemen daude: www.unavarra.es.

NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatutako poltsa batean dauden enpresa eta erakunde hartzaileetan egin beharko dira praktikak. Nolanahi ere, programak aukera ematen du eskatzaileak berak ere aurkez dezan praktikak egiteko aukeratzen duen enpresaren onarpen dokumentua.

Eskatzaile guztiek curriculum vitae bat aurkeztu beharko dute, eta Unibertsitate - Gizarte Fundazioa Fundazioak enpresetara bidaliko du, aukeraketa prozesu bat egin dezaten. Prozesu horretan hartuko da kontuan eskatutako profila. Eskatzailearen prestasuna eta interesak, hizkuntzen ezagutzak, curriculum vitaeak eta bere irakaskuntza curriculumak baldintzatuko dute profil hau.

Erasmus mugikortasun programaren bidez nazioarteko praktikak egiteak irakaskuntza balioa dauka. Lehen eta Bigarren Zikloetako ikasleei dagokienez, hautaketa libreko hiru kreditu. Graduko ikasleek gutxienez ere hiru eta gehienez ere sei kreditu ECTS lortuko dituzte, egonaldiak iraungo duen hilabete kopuruaren arabera.