Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak (Adona) odola ateratzeko unitate mugikor bat jarriko du martxoaren 20an eta 21ean Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean Ekimena “Apasiónate por el rojo-Gorria bizi-bizi” izeneko kanpainaren parte da, eta helburua da odol ematea sustatzea unibertsitateko kideen artean (ikasleak, irakasleak administrazio eta zerbitzuetako langileak).
Kanpainaren beste helburuetako bat da haustea zenbait aurrekontzeptu oker eta klasiko, Adonako arduradunen ustetan, gazteen artean daudenak. Horren harira, ekimenak formula erraz bat nabarmendu nahi du: pertsona batek 18 urtetik gora, gutxienez 50 kilo eta osasun ona baldin baditu, emaile bihur daiteke, tatuajeak edo piercinak eduki arren.
Odola emateko unitate mugikorra zabalik egongo da 9:00etatik 13:00etara kafetegiaren eta Ikasgelategiko eraikinaren artean. Odola emateko oinarrizko baldintzak dira 18 urtetik gorakoa izatea, 50 kilotik gora edukitzea, osasun ona izatea eta baraurik ez egotea. Gainera, emaileek galdetegi kliniko bat bete behar dute eta arau indardunek agintzen duten onarpen edo baztertze irizpideak onartu.
Ekimenak Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzaren laguntza dauka, Gizarte Ekintzarako Unitatearen eta Osasun Laguntzarako Unitatearen bidez. NUPen odola emateko kanpaina iaz jarri zen abian Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Planaren jardueren barnean. Hala ere, orduko hartan soilik ikasleei zuzendua egon zen.
Zirkuitu termal baterako bi txartelen zozketa
Gainera, unibertsitateko kideek, emaile izan edo ez, aukera dute bi txartelen zozketan parte hartzeko Elgorriagako Bainuetxean zirkuitu termal bat eta bazkaria egiteko. Txartel bakoitza bi lagunentzat da. Interesdunek odola ematearekin duten iritzia edo esperientzia azaldu behar dute (aldekoa, aurkakoa edo esperientzia eza) “Apasiónate con el rojo-Gorria bizi-bizi” Facebook gizarte sareko orrialdean. Zozketa honen oinarriak www.adona.es helbidean daude ikusgai.