Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Mikel Ugarte Gil, Jesús Aguado Ruiz, Fermín Esparza Alfaro, Jose María Algueta Miguel, Coro García Alberdi, Alfonso Carlosena García, Carlos De La Cruz Blas eta Antonio López Martín

Ezkerretik eskuinera, Mikel Ugarte Gil, Jesús Aguado Ruiz, Fermín Esparza Alfaro, Jose María Algueta Miguel, Coro García Alberdi, Alfonso Carlosena García, Carlos De La Cruz Blas eta Antonio López Martín

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek ENEIDA proiektuaren lidergoa dauka. Proiektua aurten amaituko da, eta bere helburua da beharrezkoak diren teknologia-aldaketak egitea energetikoki efizienteagoak diren eta ingurumena gehiago errespetatzen duten gailu elektronikoak sortzeko. “Bere aplikazio nagusia —aipatzen du Antonio López Martín ikertzaile nagusiak— hari gabeko sentsoreen sareak dira, baina emaitzak estrapolagarriak dira hainbat esparrutara. Hala nola, telefonia mugikorra, wifi sistemak, Bluetooth terminalak eta, oro har, pilekin edo bateriekin dabiltzan eta horien iraupena funtsezko ezaugarria duten gailu guztiak; esaterako, taupada markagailu edo desfibriladore inplantagarriak, bateria aldatzeko kirurgia eskatzen dutenak”.

Hari gabeko sentsoreen sareak giroaren edo gizabanakoaren parametroak atzematen dituzten nodo sentsorez eta eragingailuz osatuak daude (tenperatura, hezetasuna, presioa, bihotz-erritmoa, presentzia, etab.), ekintzak eragiten dituzte (gailuak itzaltzea/piztea, balbulak irekitzea/ixtea, estimulu neuromuskularrak, etab.) eta elkarrekin eta Internet bezalako beste sare batzuekin komunikatzen dira haririk gabe, irrati uhinen bidez.

I+G+b Plan Nazionalak finantzatzen du ENEIDA proiektua—ahalik eta Ingurumen Kalte txikieneko Ingurune Adimendunetarako autonomia energetikoa duten hari gabeko mikrosentsoreen garapena—, hiru urteko exekuzio-epea dauka (2011-2013), eta 400.000 euroko aurrekontua guztira. Bi azpiproiektu ditu, bata NUPen egindakoa, eta bestea Sevillako Unibertsitatean egindakoa. Horrez gainera, unibertsitate hauetako bakoitzak hainbat erakunde laguntzaile ditu. NUPi dagokionez, enpresa hauek: Acciona Energía, Azkoyen, Tesa, Ingeniería Domótica, Proyectos Tecnológicos de Navarra, i3i Ingenieros, Tafco Metawireless eta Osés RFID. Sevillako Unibertsitatearen azpiproiektuak enpresa hauen laguntza dauka: Telvent, AT4wireless, MP, Grupo Azvi eta ADevice.

ENEIDA komunikazio iraunkorrak deiturikoen artean dago. Egungo telekomunikazio sistemen energia eta ingurumen eragin handia arintzen saiatzen da, sistema horien osagai elektronikoak, pilak eta bateriak ez baitira erraz birziklatzen. Horren aurrean, ikertzaileak gailu berriak garatzen ari dira, energia kontsumo oso txikikoak (bateria txikiagoak eta denbora gehiago irauten dutenak) eta integrazio dentsitate handiko (gailua ahalik eta txip kopuru txikienean integratzea, baita txip bakar batean ere). Txip horiek mikrosentsore batek behar duen guztiaren zati bat bakarrik dute, eta txip horietako batek jostorratz baten buruak hartzen duena baino 15 aldiz txikiagoa den tamaina izango luke. Mikrosentsore integratu oso batek gutxi gorabehera jostorratz baten burua halako bi hartuko luke (kapsulatua eta elikadura izan ezik).


Emaitza bikainak


Proiektuak diziplina-anitzeko ikuspegia dauka, lau lan-lerro baititu: lehenik eta behin, lehen aipatutako kontsumo oso txikiko eta integrazio dentsitate handiko komunikazioetarako hardwarea garatzea. Bigarrenik, ingurumen energia atzemateko teknika efizienteak garatzea. “Horretarako —azaldu du Antonio López NUPeko katedradunak—, ingurunean erabilgarri dagoen energia (eguzki-energia, energia termikoa, mekanikoa, irrati-maiztasunekoa, etab.) modu efizientean atzemateko eta kudeatzeko gai diren sistema mikroelektronikoekin lanean ari gara, bateria aldagarriak behar ez dituzten, eta, beraz, energetikoki autonomoak diren bateriak behar ez dituzten komunikazio sistemak lortzeko”. Hirugarrenik, mikrosentsore integratuak egiten ari dira energia-kontsumo oso txikiarekin ingurumen parametroak atzematen dituztenak . Eta, azkenik, hedapen irrati-elektrikoko 3D simulazioko softwarearekin lanean ari dira, “Software honen bidez komunikazio gailuen kokaleku hoberena aukera daiteke ikuspegi irrati-elektronikotik, halako eran non transmisioan beharrezkoa den potentzia eta gailuek elkarri eragiten dioten interferentzia minimizatzeko. Honi esker energia asko aurrezten da gailuen kokalekua aukeratzea dagoen egoeretan”.

Komunikazio, Seinale eta Mikrouhinen ikerketa taldeko kideek osatzen dute NUPeko taldea. Talde honek ANEPen Nazioarteko Bikaintasun kalifikazioa lortu du. Zehazki, ikertzaile hauek dira: Antonio López Martín, Francisco Falcone Lanas, Alfonso Carlosena García, Carlos A. de la Cruz Blas, Jesús Aguado Ruiz, Mikel Ugarte Gil, Coro García Alberdi, José M. Algueta Miguel, Diana Aldama Ruiz, Fermín Esparza Alfaro eta Leyre Azpilicueta Fernández de las Heras.

Antonio Lópezen ustez, “proiektua emaitza bikainak ekartzen ari dira, horietako batzuk hasieran aurreikusi gabekoak gainera”. Hala, zirkuitu integratuen 20tik gora diseinu garatu dira, eta horien emaitzak nazioarteko aldizkarietako 23 artikulutan eta nazioarteko biltzarretako 31 komunikaziotan argitaratu dira. Garapenetako batzuk Seiko Epson enpresa japoniarrari transferitu zaizkio nazioarteko patentea izateko lau eskaeren bidez. Aurreko urtean berrikuntza teknologikoaren XII. Talgo Saria lortu zuen NUPeko proiektuan ere erabili zen garatutako teknologia; bere helburua zen burdinbide-ekosistemari adimena ematea, ahal denean bagoietan erabilgarri dagoen ingurumen energiaren bidez elikatutako oso kontsumo txikiko hari gabeko sentsore-sareen bidez.