Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak erabaki du astearte honetan, martxoaren 12an, Urrezko Domina ematea Pedro Burillo Lópezi. Julio Lafuente errektoreak proposatuta eman zaio goresmen-saria, eta NUPen aitortza adierazten dio Batzorde Eratzailearen buru eta lehenbiziko errektorea izan zenari, instituzioari eman dizkion "zerbitzu apartengatik". Gobernu Kontseiluan hartu den erabakian gomendatzen da Urrezko Domina Unibertsitatearen Egunaren ekitaldian eman dadila, heldu den apirilaren 19an.
Pedro Burillo López (Zaragoza, 1945) Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko katedraduna izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1988az geroztik, 2012an erretiroa hartu zuen arte. Nafarroako Gobernuak eskatuta etorri zen unibertsitatera, erakundea abian jartzeko zereginarekin, eta hasiera batean, 1991ra arte, Batzorde Eratzaileko lehendakari eta behin-behineko errektore karguak bete zituen. 2003. urtean errektore hautatu zuten, eta lau urteko agintaldia agortu arte, 2007ra arte, egon zen karguan.
Burillok jarraian bete du bere irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa jarduera Unibertsitatean, salbuespen bakar batekin, eszedentzian egon baitzen Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura, Kirola eta Gazteria kontseilari jarduteko (1995-1996).
Pedro Burillok Kordobako Unibertsitateko Atxikitza erdietsi zuen (1977), eta hurrengo urtean katedra Valentzian. Hango Nekazaritza Ingeniarien Eskolan bost urte eman zituen, eta zuzendariorde karguan aritu zen. Hurrengo bost urteetan bere katedradun postuan aritu zen Alcalako Unibertsitatean, eta han Irakasleen Gaietarako errektoreordea izan zen. Burilloren ikerketa jarduera arrazonamendu hurbilean eta logika lausoan oinarritu da, ehun bat argitalpenen egilea da eta hainbat biltzarretan parte hartu du.
Bosgarren domina NUPen historian
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina ematen da esker ona adierazteko nazioan edo nazioartean zientzien, letren, ikerketa zientifikoaren, irakaskuntzaren, sormen artistikoaren, kirolaren arloan eta arlo humanitarioan ospe handia duten pertsonei eta instituzioari zerbitzu apartak eskaini dizkioten pertsonei edo erakundeei.
Pedro Burillori emango zaion Urrezko Domina NUPen historian emango den bosgarrena da. Beste lauak Nafarroako Parlamentuari (1998), NUP garatzeko emandako laguntza eta konfiantzagatik; Arrosadiko campusa diseinatu zuen arkitektoari (2000), Francisco Javier Sáenz de Oizari, hil ondoren; Zaragozako Unibertsitateari (2002), Nafarroaren goi mailako irakaskuntzan betetako lanagatik; eta William A. Douglassi (2006), Eusko Ikaskuntzen Zentroko irakasle emerituari, bere liburutegi partikularra eman Baitzion Nafarroako Unibertsitate Publikoari.