Joan eduki nagusira

Martxoaren 11n, astelehenean, hasiko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan aipatu jardunaldiak, eta adituek egungo finantza-ereduari buruz eta banku etikoari buruz gogoeta egingo dute hitzaldien, dokumentalen proiekzioen eta mahai-inguruen bidez. Jardunaldi hauen izenburua "Finantza etikoak, oximorona ote? da, eta SETEM Navarra-Nafarroak antolatu ditu Nafarroako Gobernuaren eta NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzako Errektoreordetzaren eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen lankidetzarekin. Topaketa honen helburua da gogoeta kolektibo bat egitea egungo finantza-ereduari buruz proposatzen diren konponbideen eta finantza-eredu horrek bai lehen munduan bai Hegoko herrialdeetan dituen ondorioen gainean.

Lau saioak martxoaren 11, 13, 18 eta 20an egingo dira Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme aretoan, 19:30etik aurrera. Inskripzioa doakoa da eta www.setem.org/navarra web orrialdean egin behar da. Programa ere bertan dago kontsultatu nahi izanez gero. NUPeko ikasleek ECTS kreditu bat eskuratuko dute parte-hartzeagatik.

Lehenengo saioa hurrengo astelehenean egingo da, eta "Interferentziak" dokumentala proiektatuko da, krisi globalaren eta Iparraren eta Hegoaren arteko desberdintasunen kausei buruzko gogoeta bat da. Observatorio de la Deuda en la Globalización eta Fundación Quepo erakundeek bultzatu dute dokumentala. Gero, eztabaida bat egingo da, eta parte-hartzaileak hauek izango dira: Jesús Carrión, Behatoki horretako kidea, Beatriz Manotas NUPeko Ekonomia Saileko irakaslea eta gatazka sozialen ikertzailea, eta Vicente Ríos 15M Pamplona-Iruñaren ordezkaria.

Bigarren saioan "Zure diruarekin" izenburua duen dokumentala emango da martxoaren 13an, asteazkenean. Ikus-entzunezko lan hau SETEMek egin du, eta bertan galdetzen da gizartea zenbateraino den jakitun bere dirua nola erabiltzen den. Iker Espúnez dokumentalaren zuzendaria dokumentala eman eta gero egingo den eztabaidan izango da, eta eztabaidara gonbidatuak daude, halaber, Antonio Gómez, NUPeko Ekonomia Saileko irakaslea, Carlos Rey, REASen ordezkaria eta Asociación Fiare Navarraren lehendakaria, eta SETEMeko Finantza Etikoak kanpainaren kide bat.

Hirugarren saioan, martxoaren 18an, gai hau izango da hizpide: energia arloko enpresa multinazionalen eta enpresa horiek finantzatzen dituztenen zeregina egungo eredu ekonomikoan. "Madeira ibaia, bizitzarako edo heriotzarako urak? dokumentalaren proiekzioaren bidez emango zaio hasiera saioari. Espainiar enpresen parte-hartzearekin Brasilen eraikitzen ari diren gune hidroelektriko bati buruzkoa da dokumentala. Dokumentala eman eta gero egingo den solasaldi-eztabaidan parte hartuko dute José Luis Mariñelarena SETEM Nafarroako kideak, Luis Miguel Huarte, UPV/EHUko irakasleak eta SOM Energíako ordezkari batek.

Finantza etikoen egiazko kasuak

Azken saioa martxoaren 20an egingo da, eta finantza etikoek eskaintzen dituzten aukerak, inbertsio mota eta beren funtzionamendua izango dituzte hizpide. Unibertsitateko banku etikoko bi proiektu ere aurkeztuko dira. Lehenengoa FETS, Justicia i Pau eta SETEMen kanpaina izango da, "Eskatu banku etikoa Unibertsitatean". Bestalde, Susana Irisarri NUPeko Garapenerako Lankidetzaren Arloko kudeatzaileak ekonomia solidarioari eta finantza etikoei buruzko lan bat aurkeztuko du. Programa osatzeko, mahai-inguru bat egingo da, "Banku etikoa, jakin behar duzun guztia" izenburua duena, eta Coop 57, Fiare eta Microfideseko kideek parte hartuko dute.