Europako Batzordeak aukeratu egin du Juan Blanco, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Ekologia eta Ingurunea ikerketa taldeko ikertzailea, VII. Esparru Programako Marie Curie People Jardueren barruan. Ebaluazio prozesu zorrotz baten ondoren, zeinean Europa guztiko proiektuak lehiatu baitira, Ikerketa Agentzia Exekutiboak lau urteko finantzaketa eman dio ikertzaile honi. Ikertzaileak proiektu bat darama aurrera, aldaketa klimatikoak nola eragiten dion pinuaren eta pagoaren hazkundeari, Nafarroako Pirinioetan, aztertzeko.
Marie Curie Jardueren helburua da Europako ikertzaileen giza-potentziala suspertzea, bai kopuruz eta baita kalitatez ere. Horretarako, ikerketa-karreraren eredu erakargarria sortzen ari dira, Europako ikertzaileak Europan gera daitezen eta munduko gainerako tokietako ikertzailerik onenak Europara etor daitezen saiatuz.
Juan A. Blancok 25.000 euro jasoko ditu, urteko, proiektu hau gauzatzeko: "ECOPYREN3: integration of ecological processes in forest models to assess long-term effects of management and global change on forests in southwestern europe”, NUPen egingo dena. Finantzaketa honek bidea emango du proiektuaren lau urteei aurre egiteko. Proiektuan Nafarroako Pirinioetako klimaren, baso kudeaketaren eta basoen hazkundearen arteko harremanak ikertuko dira. "Klima aldaketek —azaldu du Juan A. Blancok—, eragin garrantzizkoa edukitzen ahal dute basoen produktibitatean. Horren ondorioak ekologikoak dira, 100 landare-espezie ezberdin bizi diren basoen egitura aldatzen baita, eta ekonomikoak, gero egurretarako erabiltzen den zuraren produkzioan edo energia sortzeko biomasan eragina daukatelako".
Azterketaren laguntzaileak
Juan A. Blanco 2012ko hasieran sartu zen NUPen, zazpi urtez University of British Columbia (Vancouver, Canadá) Unibertsitatean ikertzaile aritu eta gero. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaria eta doktorea da, eta baso-kudeaketa iraunkorra izan da bere ikerketa-eremua. Espainian, Kanadan, Kuban, Txinan eta Estatu Batuetan lan egin izan du. Gaiari buruzko 30 artikulu baino gehiago eta 4 liburu argitaratu ditu.
Ikerketa proiektu honetan, NUPeko Ekologia eta Ingurunea ikerketa taldeak laguntzaile hauek dauzka: Instituto Pirenaico de Ecologia zentroko ikertzaileak, bertan analisiak eta laginak hartzen daukaten esperientzia jarriko dutenak; University of British Columbia, zuhaitzen hazkundea simulatzeko ordenagaileun programei buruz aholkuak emango dituena; eta National Taiwan University, aldaera meteorologikoen eta zuhaitzen hazkundearen aldaeren arteko harreman matematikoen analisiari buruzko esperientzia jarriko duena.
Career Integration Grants izenekoen helburua da Europar Batasuneko ikerketa-zentroren batera berriki sartu diren ikertzaileen iraupena aldeztea. Laguntza hauek eskatu ahal izateko beharrezkoa da ikertzaileak doktoretza eginda edukitzea, eta Europako ikerketa-zentro batean sartuta egotea ikertzaile-kontratuarekin. Beharrezkoa da, halaber, eskaera egin baino lehenagoko hiru urteetan, urte bakar bat bizi izana izatea, gehienez, eskaera-herrialdean.