Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturteko bigarren seihilekoan eta 2013-14ko lehen seihilekoan lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Guztira 85 beka emango dira, eta horietatik 30 unibertsitateko ikasketen jarraipena arriskuan jartzen duen zailtasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleek beteko dituzte. Eskabideak aurkezteko epea asteazken honetan, martxoaren 6an, amaitzen da, eta dokumentazioa Iruñeko campuseko beken bulegoan eta Tuterako campuseko erregistroan aurkeztuko da. Zailtasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleentzako beken eskaerak Gizarte Ekintzarako Unitatean, ikasgelategiko 025. ikasgelan, edo Tuterako campuseko erregistroan aurkeztuko dira. Deialdiari eta eskainitako postuei buruzko argibide guztiak NUPeko webgunean (www.unavarra.es) daude kontsultatzeko.
NUPeko lankidetza beken helburua ikasleen prestakuntza handiagotzea da, egiten ari diren ikasketen esparruan, trebetasun, abilezia eta gaitasun berriak hartuz, gero lanbide praktikan erabilgarri izango baitituzte. Laguntzen onuradunek laguntza-lanak egingo dituzte matrikulatuta dauden titulazioko irakasle baten tutoretzapean. Arduraldia astean 6 edo 12 ordukoa izango da, bekadunarekin adostutako orduen arabera, eta ez die traba egingo eskoletara joateko.
Laguntza mota hauek 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibetsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko edo Masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Ikasleek egiten ari diren titulazioaren 60 kreditu gaindituta eduki behar dituzte, masterrekoak izan ezin, eta eskatzen duten beka beren ikasketen profilarekin bat etorri beharko da.
Astean 12 orduko arduraldia duten beken diru kopurua 230 euro da eta 115 euro, ordu kopurua erdira jaisten denean. Deialdian bi aldi ezartzen dira. Lehenbizikoa 2013ko martxoaren 22tik maiatzaren 21era bitartean da, eta bigarrena irailaren 16tik martxoaren 15era arte.
Ikasketa-espedientearen balioespena
Interesdun bakoitzak sail edo ikastegi bakar batean eskatuko du beka, eta adieraziko du, lehentasuna emanez, egiten ari den ikasketei egokitzen zaien bi profil, gehienez ere. Hautatzeko irizpideak kontuan hartuko du eskaera aurkeztu dutenen ikasketa espedientea, Master ikasleen kasuan izan ezik, ikasle horiei baremo jakin bat aplikatuko baitzaie graduondorako sarbidea eman zien titulazioko notarekin.
Zailtasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonei zuzendutako 30 tokietako bat eskatzen duten ikasleei dagokienez, hautatzeko irizpidea beste bat izango da. Unibertsitateak eskatzaile bakoitzaren gizarte egoerari buruzko txosten bat egingo du. Txosten hori azken notaren % 60 izango da, eta gainerako % 40 kalkulatzeko ikasketa-espedientea kontuan hartuko da.
Beka orokorretarako onartuen behin-behineko zerrenda heldu den martxoaren 8an jarriko da NUPeko iragarki-oholetan eta webgunean. Martxoaren 11, 12 eta 13an erreklamazioak aurkeztuko dira, eta azaroaren 15ean behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zailtasun ekonomikoan dauden ikasleen hautaketen emaitzak pertsonalki jakinaraziko zaizkie posta elektronikoaren bidez. Beken esleipendunek hiru egun baliodun edukiko dituzte txosten bat aurkezteko, tutoretza emango dien irakasleak ontzat emana, eta egingo dituzten laguntza-lanak nolakoak diren adierazten duena.