Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Rubén Las Heras, Rut Iturbide, Lucía Martínez, Izaskun Andueza, Nerea Zugasti eta Iosu García, Ikerketa Zerbitzuko teknikaria.

Ezkerretik eskuinera, Rubén Las Heras, Rut Iturbide, Lucía Martínez, Izaskun Andueza, Nerea Zugasti eta Iosu García, Ikerketa Zerbitzuko teknikaria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Saileko ikerketa talde bat parte hartzen ari da Europako azterketa batean, emakumeen aurkako indarkeria aurreikusteko. Proiektua 2013 eta 2014 urteetan garatuko da, eta DAPHNE III programaren bidez finantzatzen da. Programa hau Europar Batasuneko ekimen bat da, haur, gazte eta emakumeen aurkako indarkeria aurreikusi eta haren aurka borrokatzeko. Birmingham City University da azterketaren liderra. Gainera, Erresuma Batuko bi gizarte-erakundek, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Alemaniako, Bulgariako eta Norvegiako unibertsitate banak parte hartzen dute.

Proiektu honen izenburua “From street to home” da, eta NUPek egingo duen ekarpena azterketa bat izango da, non analizatuko baita nola jaitsi emakumeen aurkako indarkeriaren arriskua, arazoari bere osotasunean aurre eginez, eta talde honentzako ostatua eta gizarte laguntzak eskainiz. Izaskun Anduezak, Gizarte Laneko Saileko ordezko irakasleak, koordinatzen du lana. Beste irakasle hauek ere lanean ari dira: Rut Iturbide eta Rubén Lasheras, Gizarte Laneko irakasle elkartuak; Lucía Martínez, NUPeko doktoretza aurreko bekaduna eta tesia irakurri berri duena; eta Nerea Zugasti, NUPeko Soziologiako lizentziaduna eta doktoregaia.

Ikertzaile guztiak Unibertsitatearen Berdintasuneko eta Gizarte Txertaketako Ikerketa Katedrakoak (BGTIK) dira. Nafarroako hainbat gizarte erakunde eta GKE katedrakoak dira, baita ere, eta bere helburua da gizarte eta genero desberdintasuna, pobrezia, giza bazterketa, etnien arteko harremanak, immigrazioa eta gizarte txertaketa bezalako gaietan ezagutza sortzea.

Joan den urtarrilaren bukaeran, Izaskun Andueza eta Rut Iturbide Birminghameko Unibertsitatera joan ziren, taldearen lehen lan-bileran parte hartzera.


Gaur egungo egoeraren erradiografia


NUPen egingo den ikerketaren gaia da aztertzea ea posible den Europar Batasunean zerbitzu berezi batzuk ezartzea, indarkeriaren biktima diren edo izateko arrisku handian dauden behar handietako emakume-taldeei ostatua eta gizarte-laguntza eskainiko dizkiena. Azterketa honen parte bat izango da Nafarroan eta Espainiako beste gainerako tokietan eskaintzen diren mota honetako zerbitzuen erradiografia bat egitea.

Zehatz esateko, informazioa bildu nahi da dauden baliabide integralei buruz eta eskaintzen diren zerbitzuei buruz, baita zer emakume-talde jakini eskaintzen zaien ere. Txosten honetatik abiatuta, praktika onen adibideak identifikatuko dira.

Azterketaren beste parte batean, egoera ahulean dauden zenbait emakume talderen beharretan sakondu nahi da, baliabide integralen balizko erabiltzaileak direlako. Horrela sakonki aztertuko da atzemandako beharren eta eskainitako zerbitzuen artekoa egokia ote den.

Lan hau, eta proiektuan parte hartzen duten gaineko herrialdeetan egingo direnak, hainbat agiritan bilduko dira. Agiri hauetan gomendioak argitaratuko dira, eta gomendio hauek oinarriak izango dira, dagozkion erakundeek, nazionalek edo Europakoek, behar diren erabakia har ditzaten. Litekeena da erabaki hauek parte hartzen ari den herrialde bakoitzeko ikerketetan oinarritzea.


Nazioarteko mintegia NUPen


Hainbaten artean egindako txosten honen ondorioak Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2014ko irailean egingo den mintegi batean jendaurreratuko dira. Europako proiektuan parte hartu duten unibertsitateek eta erakundeek beren ordezkariak bidaliko dituzte bertara. Programan sartuta dauden herrialde guztietako arduradun politikoak egongo dira, gonbidatu gisa.