Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasleentzako hiru beka emateko deialdia egin du, ikasleak osasun-eragile izan daitezen, eta aurten Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Programaren barruan garatuko diren jardueretan parte har dezaten. Deialdia ikasketa ofizialetako ikasleei zuzentzen zaie (gradua eta graduondoa). Eskaerak NUPeko erregistroan aurkeztu behar dira, datorren otsailaren 21eko, asteazkeneko, 14:30ak baino lehen. Helbide honetan daude bekei buruzko informazioa eta eskaera-inprimakia, jaisteko, nahi izanez gero: http://www1.unavarra.es/unidadaccionsocial/

Aukeratuko diren ikasleek egin behar duten lana Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Programan aurreikusitako jarduera soziosanitarioak antolatu, planifikatu eta betetzea izango da. Jarduera hauen helburua unibertsitate komunitatearen jarrera osasungarriak indartzea da, eguneroko bizitzaren alderdi guztietan. Programan sartutako osasun-eragileak lehen mailako informatzaileak izango dira beren mailako jendearentzat (ikasleentzat, alegia), eta osasun sustapenean aktiboki jardun dezaten saiatuko dira.

Beka lortzen duten ikasleek Gizarte Ekintzarako Unitatearekin eta Osasun Laguntzarako Unitatearekin lan egingo dute, Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planeko Batzorde Teknikoak ezartzen dituen ildoei jarraiki. Bekak dirauen aldian, osasun-eragileek prestakuntza-jardueretan hartuko dute parte, eta bukatzean txosten bat aurkeztu beharko dute.

125 euro hilean

Beka lortzen dutenek 125 euro hilean jasoko dute, hilean 20 ordu lan egitearen truke. Lana 2013ko otsailaren eta maiatzaren artean izango da (ikasturte honetako bigarren seihilekoan), eta aurtengo irailaren eta abenduaren artean (datorren ikasturteko lehen seihilekoan). Deialdi honetako parte-hartzaileek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira, besteak beste: 2012-13 ikasturtean ikasketa ofizialetako ikaslea izatea, komunikazioan eta talde-dinamiketan trebea izatea eta Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Plana ezagutzea.

Hautaketa batzordeak eskatzaileek osasun-sustapenean, gizarte-ekintzetan eta boluntariotzan daukaten prestakuntza eta esperientzia balioetsiko dituzte. Lehen aldi hau gainditzen duten ikasleek elkarrizketa bat egin beharko dute, Unibertsitate Osasungarriaren aldeko Planean aritzeko beren jarrera, motibazioa, ekimena eta trebetasunak balioesteko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa, une honetan, Unibertsitate Osasungarriaren aldeko II. Plana garatzen ari da (2011-15). Plan hau NUPek Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko Osasun Publikorako Institutuarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren bidez bultzatu da, eta hiru helburu ditu: ikasleek parte hartzeko bide berriak ezartzea, lanean osasuna sustatzea eta praktika hauek gradu-titulazioetan txertatzea.