Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak unibertsitatetik ateratako gazte tituludunen enplegagarritasuna sustatu du, lantegiak, prestakuntza bekak eta nazioarteko praktikak dituzten programen bidez. Jarduera-lerro horiek zeharkakoak dira, eta Fundazioak NUPeko tituludunen laneratzea sustatzeko aspalditik garatzen dituenei gehitzen zaizkie.

Jarduera berri gisa, Unibertsitatetik ateratako tituludunak ingelesezko aukeraketa-prozesuetarako prestatzeko lantegiak antolatu dira. Lantegi horien bidez tituludunak beren curriculuma egiteko edo elkarrizketa pertsonal baterako prestatu nahi dituzte. Halaber, Fundazioak beka programa bat abian jarri nahi du, nazioarteko praktikak egiteko. Lan jardun horretan esperientzia handia dauka, bai enpresetan, bai erakundeetan.

Hirugarren laguntza lerroa ere bekak dira, kasu honetan NUPek Fundazioaren bidez eskainitako titulu berekien edo espezializazio-ikastaroen bidez unibertsitatetik ateratako tituludunei laguntzera zuzenduak. Azkenik, enplegagarritasuna sustatzeko programa bat ere jarri nahi da abian, enpresen praktika programetan parte hartzen duten ikasleentzat (tutoretzak eta gaitasunen hobekuntza).

Nafarroako Kutxa Fundazioaren “Zuk aukeratzen duzu: Zuk erabakitzen duzu" programaren deialdira aurkeztu du Fundazioak unibertsitatetik ateratako gazte tituludunen enplegagarritasun proiektu hau. Edizio honetako berrikuntza nagusia da 18 urtez gorako edozein nafarrek botoa emateko aukera duela (ez da nahitaezkoa Nafarroako Kutxako bezeroa izatea), eta boto bakoitzak 10 €-ren balioa duela. Fundazioaren proiektuaren izenburua da "Gazte nafarren enplegagarritasuna sustatzea" eta 50.448 zenbakia dauka. Proiektue honen aldeko botoa eman nahi dutenek www.unavarra.es webean dute kontsultagai nola eman behar duten botoa.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak urteak daramatza hainbat modutan lanean, gazte nafarrei egindako ikasketen araberako lanpostuetan laneratzen laguntzen . Helburu horrekin, Fundazioak programa ugari garatzen ditu. Hala nola, nazioko eta nazioarteko praktikak enpresetan eta erakundeetan, lan eskaintzen kudeaketa, lan orientazioa, informazioa, behaketa eta analisia, enpresa aurkezpenak, unibertsitate-gizarte topaketak eta enpresa berrikuntzako mintegiak. Programa horietako batzuk, esaterako, lan orientazioko lantegiak edo unibertsitate-gizarte topaketak Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzekin egiten da.

Etengabeko prestakuntzako eskaintza zabal batek osatzen du Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren jarduera, titulu berekien, espezializazio ikastaroen eta hizkuntza prestakuntzaren bidez.