Guztira, 21 herrialdetako 69 ikasle atzerritarrek, 43 emakumek eta 26 gizonek, ikasiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2012-13 ikasturteko bigarren seihilekoan. Guztiak parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan eta asteazken honetan, otsailaren 6an, harrera egin zaie Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egindako ekitaldi batean.
Ikasle horietatik ia erdiek, 33 baitira, Erasmus programan parte hartzen dute; gainerakoak ondoko hauen artean banatzen dira: Palafox (24), Martín de Rada (6), ISEP nazioartekoa (3), ISEP USA (3), eta Estatu Batuetako, Argentinako eta Australiako hainbat unibertsitaterekin egindako aldebiko hitzarmenak (6).
Osotara, 21 herrialdetatik etorri dira ikasleak. Haietatik, erdia baino gehiago Erasmus programan sartzen diren herrialdeetatik datoz; hala nola Italia, Txekia, Portugal, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Turkia. NUPek Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleen trukea egiteko sortu zuen Palafox programako ikasleak Peru, Mexiko, Txile, Uruguay eta Brasilgoak dira. ISEP nazioarteko programako hiru ikasleak beste herrialde latinoamerikar batetik datoz, Argentinatik, alegia, eta unibertsitateen arteko hitzarmen baten bidez datozenak AEB, Australia eta Argentinakoak dira. Azkenik, Korea eta Txina dira Martin de Rada programako sei ikasleen herrialdeak. Programa hori NUPek Asiako unibertsitateekin egin duen programa berekia da.
Atzerriko hamar ikasle gazteek NUPeko hamar titulazio ikasiko dituzte. Erizaintza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) dira Erasmus ikasleek gehien eskatu dituztenak. Hala ere, Soziologia, Irakasletza, Ingeniaritza, titulazio bikoitzak eta Industria Ingeniaritza ere eskatu dituzte.
Bestalde Palafox programako ia erdiek Irakasletza ikasketak egingo dituzte eta gainerakoek Nekazaritza Ingeniaritza, EAZ, Fisioterapia, Erizaintza eta Soziologia.
Zuzenbidea, EAZ, Ekonomia edo Nekazaritza Ingeniaritza dira ISEP programaren bidez iritsi diren ikasleek hautatu dituzten karrerak, eta aldebiko hitzarmenen bidez etorritakoak Soziologia, EAZ eta Zuzenbidea hautatu dituzte. Azkenik, Martín de Rada programan parte hartzen ari diren asiar ikasleen erdiak Ekonomia hautatu dute. Beste hiruek EAZ, Zuzenbidea eta Ingeniaritza egiten ari dira.
Ongietorria emateko jarduna
Ikasleek asteazken honetan parte hartu dute ongietorria emateko jardunean, eta Kanpo Harremanetarako Ataleko arduradunek azaldu diete Unibertsitatearen funtzionatzeko modua, eta ikasturtea amaitu bitartean biziko diren hiriari buruzko informazio erabilgarria eman diete. Bilera horietan honako gaiei buruzko argibideak eman dizkiete: egoitza, garraioa, bizitzaren kostua, osasun txartela eta gaztelania ikastaroak, esaterako.
Ikasleek NUPek eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko informazioa ere jaso dute (kirolak, jantokiak, boluntariotza, osasun laguntza, etab.) eta azaldu diete nola egin gradu titulazioetako matrikula, bihar arte, osteguna, zabalik egongo dena.