Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoretza Eskolak “Tecnology, Innovation and Strategy” mintegia antolatu du, datorren otsailaren 21ean. Marco Guglielmik emango du. Guglielmi ESTECeko espazio-ikerketaren arduraduna da. ESTEC, bere aldetik, Europako Espazio Agentziako (ESA) zentro teknologiko bat da. Mintegia doktoretza ikasleei, doktoreei eta ikertzaileei zuzenduko zaie, eta Arteak eraikineko Ada Byron aretoan izango da. Izen ematea doakoa da, eta Doktoretza Eskolan egin behar da otsailaren 18ra arte.
Mintegian, Marco Guglielmik aztertuko du eduki teknologiko handiko enpresen arrakastaren gakoetako bat: teknologia berriak merkatuan oso arin sartzeko gaitasuna. Europako Espazio Agentziako aditu honek I+G eta berrikuntza kudeatzeko gako diren elementuen gaineko ikuspegi orokor bat eskainiko du, oso lehiakor eta dinamikoa den munduko merkatuan.
Hiru ponentziaren bidez, Guglielmik honako gai hauei buruz daukan ikuspegia azalduko du: berrikuntzaren esanahia, patenteen erabilera, I+Gren efektuak nola neurtu, I+Gri balioa nola erantsi, estrategia teknologikoaren elementuak edo lan teknikoaren dokumentazioa. Mintegia ingelesez emango da, eta José Miguel Múgica Grijalbak, NUPeko Doktoretza Eskolako zuzendariak, aurkeztuko du.
Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak sortu zuen Nafarroako Doktoretza Eskola (NADOE) 2012ko maiatzean, doktoreen prestakuntza ikerketan eta zeharkako gaitasunetan hobetzeko asmoarekin. Eskolak doktoretzaren irakaskuntza eta jarduera guztiak hartzen ditu bere baitan, eta doktoreak gizartean eta ehun produktiboa txertatzea du helburu, baita doktoreen bizitza profesionala hauekin lotzea ere.
Eskifaidun misioei buruzko hitzaldiak
Europako Espazio Agentziako ordezkariak NUPen otsailaren 21ean emango duen mintegia osatzeko, David Raboso García-Baquerok hitzaldi bat emango du. David Raboso Europako RFko Potentzia Altuko Laborategiko zuzendaria da, Europako Espazio Agentziako (ESA) Espaziorako Potentzia Altuko Materialen Europako Laborategiko zuzendaria, eta Valentziako Espazio Partzuergokoa (VSC).
Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatu du hitzaldia, eta ingeniaritzarekin lotutako arloetako graduko, graduondoko eta doktoretzako ikasleei zuzentzen zaie. Hitzaldia 18:00etan izango da, TIIGMETeko aretoan, Haginak eraikineko beheko solairuan.
Bere hitzaldia hasteko, David Rabosok sarrera bat egingo du, Europako Espazio Agentzia zer den, eta bere misioak, helburuak eta egitura zeintzuk diren azaltzeko. Ondoren, Nazioarteko Espazio Estaziora egindako misioen berri emango da: horien artean, Pedro Duque Espainiako astronautak egin zuena. Azkenik, laburpen teknikoago bat aurkeztuko da, gai honi buruz: irrati-frekuentziaren potentzia-fenomenoak espazio-ontzietan mugatzen dituzten mikrouhinekin lotutako haustura-fenomenoak, espazioan.