Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak erregulazio berri bat onetsi du, ikasleen kategoriak malgutzen dituena beren ikasketa-arduraldiaren arabera. Araututa zegoenez, ikasleak seihileko bakoitzean zenbat ECTS kreditu matrikulatzen dituen, arduraldi osoko, arduraldi partzialeko edo arduraldi murriztuko ikaslea izango da. Gradu Ikasketak arautzen dituzten arauen aldaketa hau 2012-2013 ikasturteko udaberriko seihilekoko matrikulatik aurrera aplikatuko da. Matrikula-epea bihar, asteartean, hasiko da eta ostiralean amaituko da.
Aipatu arauekin bat etorriz, seihileko bakoitzean gutxienez ere 30 ECTS kreditutan eta gehienez ere 42 ECTS kreditutan matrikulatzen den ikaslea arduraldi osoko ikaslea izango da, eta arduraldi osoko ikaslea izaten jarraituko du ikasketak bukatzeko 30 kreditu baino gutxiago geratzen zaizkionean eta kreditu horiek guztiak matrikulatzen dituenean. Bestalde, seihileko bakoitzean gutxienez ere 15 kreditu eta gehienez ere 29 kreditutan matrikulatzen den ikaslea arduraldi partzialeko ikaslea izango da. Maila hau pentsatuta dago seihileko jakin batean izan dituzten zirkunstantzia bereziak direla-eta aurrera ateratzeko aukerekin 30 kreditutan matrikulatu ezin diren ikasleentzat. Erregulazio berriak kategoria honetakoa izateko betekizunak malgutzen ditu, ikasleak ez ditzan matrikulatu irakasgaiak, hasieratik baldin badaki ezin izango dituela jarraitu eta, honenbestez, gainditu.
Arduraldi murriztuko ikasleen kategoria seihileko bakoitzean gutxienez ere 6 kreditu eta gehienez ere 14 kreditu matrikulatzen dituzten ikasleei zuzendua dago, eta salbuespenezkoa izango da, ezin izango baita luzatu ikasketetan zehar. Errektoreak edo gaian eskumena duen errektoreordeak onetsi beharko du kategoria hori eta Gizarte Kontseiluak ikasketan iraupen araubide berezi bat ezartzeko aukera izango du maila honetako ikaslearentzat.
Aurreko motez gain, hezkuntza-behar bereziak egotea espero da. Ondorioz, litekeena da beste laugarren ikasle-mota bat sortzea, eta bere izaera aitortzeko banan-banako analisia egin behar da.
Kreditu kopuru batean matrikulatzeko beharra
Erregulazio berriak ezartzen du, arduraldi murriztuko kasuan izan ezik, seihileko bakoitzean ikasleak gutxienez 15 ECTS kreditutan matrikulatu beharko du, edo ikasketak amaitzeko falta duen kreditu kopuruan, 15etik beherakoa bada. Aurreko erregulazioak ezarritako baldintza jaisten da horrela, gutxienez 30 ECTS kreditutan matrikulatzeko eskatzen baitzuen, ez bazen ikasleak frogatzen zuela lan edo familia konpromisoak zeuzkala, eta hortaz arduraldi partzialeko ikasle bihurtzeko modua zuen.
Nolanahi ere, Unibertsitatearen arabera, ikasleak seihileko bakoitzean 30 ECTStan matrikulatzea da helburua, ikasketetan behar bezala egin dezan aurrera. Horrez gainera, beka bat lortzen duen ikasleak kontuan izan beharko du 30 kreditu baino gutxiagotan matrikulatzen bada, arduraldi partzialeko ikaslea izango dela, eta bekadun gisa eskatzen zaizkion emaitzetan aldaketak egongo direla. Hala, litekeena da ikasturte honetan beken bidez lagundutako kontzeptuak aldatzea eta hurrengo ikasturtean bekaduna izateko matrikulatutako kreditu guztiak gainditu beharko lirateke.