Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan Hizkuntza Berrikuntzari buruzko II. Jardunaldia egingo da otsailaren 4, 5 eta 6an. Psikologia eta Pedagogia Sailak antolatu du topaketa, Nafarroako hainbat ikastetxetan garatzen ari diren esperientzia berriak ikasleei ezagutzera ematea xede duena.

Mintegia Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko batzar-gelan egingo da, Magnoliak eraikinean, eta Irakasletza Graduko azken ikasmailetako ikasleei zuzendua dago. Egitarauaren xedea da ikasleei aurkeztea gaur egun hezkuntza berrikuntzaren esparruan dauden esperientziak, eta horien helburuak, emaitzak eta zailtasunak programatutako hamabi saioetako protagonistekin alderatzeko aukera ematea.

Topaketa egitearen ideia sortu da XXI. mendeko hezkuntzaren arloko instituzioak egokitu behar dutelako eta erantzuna eman behar dietelako gizartean sortzen diren behar konplexu, anitz eta aldakorrei, bai ikastegietan bai unibertsitatean garatutako berrikuntza jardueren bidez.

Reyes Berruezo Hezkuntzaren Historiako katedradunak eta Francisco Soto Didaktika eta Eskola-antolamenduko irakasleak koordinatu dute astelehenean, otsailaren 4an, hasiko den programa. Saioaren izenburua Hezkuntza eta Konpromisoa da. Lehen bi hitzaldien ardatza izango da garapenerako hezkuntza Nafarroan eta Elkartasun Eskoletan, eta bi hurrengoetan, Iruñeko Jesuiten ikastetxean (Elkartasunaren Astea) eta Añorbeko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikastetxean egindako esperientziak aurkeztuko dira.

Otsailaren 5erako, astearterako, aurreikusten den saioa eskola eredu berriei buruzkoa izango da, eta bertan egongo dira Tximeleta haur eskolako, Iruñeko Cardenal Ilundain ikastetxeko, Aurizberriko Aurizburri ikastetxe publikoko eta Abartzuzako ikastetxe publikoko ordezkariak.

Curriculum eta antolamendu arloko berrikuntzak da mintegiaren hirugarren saioko izenburua. Kasu honetan, Lizarrako Remontival (hezkuntza berezia) ikastetxeko, Dicastilloko (musika) ikastetxeko, Corellako (komunikazioaren teknologiak) ikastetxeko eta Noaingo (Gorputz Hezkuntza) ikastetxeko esperientzia berritzaileak aurkeztuko dira.