Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako Campusak otsailaren 28an eta martxoaren 1ean egingo ditu Nafarroako Enpresa Diseinua III. Jardunaldiak. Aurtengo edizioan konponbide berritzaile eta lehiakorrak bilatzen jarriko dute arreta. Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) eta Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailak sustatu dute topaketa hau, eta bere helburua da tresnak eta ezagutzak eskaintzea produktu berri bat asmatzeko. Jardunaldi hauetako inskripzioa doakoa da, eta web honetan egingo da: http://empresanavarradiseño.es/. Halaber, web-etik jaitsiko da programa osoa.
Edizio honetako ardatz nagusia konponbide berritzaileak eta lehiakorrak bilatzea da, arazoak konpontzen laguntzen dutenak, bai eta produktuak eta zerbitzuak garatzen ere, arreta berezia eskainiz pertsonen ingurunearen eta objektuen arteko elkarreraginari. Berrikuntza eta diseinua beren proiektuak garatzeko tresna bihurtu dituzten profesionalek parte hartuko dute jardunaldietan.
Guztira lau ponentzia programatu dira, eta otsailaren 28an, arratsaldean, emango dira. Juan Gascak Thinkners Co. kontsultoriako kideak, hasiera emango dio saioari. Ideien arkitekto eta eraikitzaile gisa definitzen du bere burua eta pertsonengan jartzen du arreta proiektuen kudeaketako metodologia arinak erabiliz. Bigarren hizlaria Sergio González izango da. Bere enpresak, Biomimetiks-ek, oinarria naturatik hartzen duten konponbide berritzaileak eskaintzeko erabiltzen duen prozesua aurkeztuko du.
Raúl Durák, La Mamba Estudioko kideak, edizioan eta autoekoizpenean duen esperientziaren berri emango du, eta gizakiaren eta naturaren arteko elkarreraginaren azken emaitzaren berri emango du produktu berrien proposamen berrien bilaketan. Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroak (CEIN) Nafarroako Gobernuaren mendeko irabazi-asmorik gabeko enpresa publikoak amaiera emango dio jardunaldiari. CEINen helburua da Nafarroako garapen ekonomikoa sustatzea espiritu ekintzailea bultzatuz eta enpresa proiektu berriak eta jarduera berritzaileak babestuz enpresa txiki eta ertainetan (ETEak).
Ikasleentzako lantegia
DISCOH Diseño Coherente diseinu estudioak emango duen eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza Graduko ikasleei zuzenduta dagoen lantegi bat (workshop) ere eskainiko da jardunaldietan. Lantegiaren izenburua “Smart Fast Project” da, 16 orduko iraupena du, eta bere helburua da ikasleei industria produktu berri bat asmatzeko, diseinatzeko eta definitzeko beharrezkoak diren ezagutza teknikoak eta tresnak ematea.
Lantegian parte hartzen duten ikasleek garagardo pitxer baten proiektua egingo dute gero beiraz egiteko. Workshop hau garatzen den bitartean, saio teorikoak emango dira banakako eta taldekako beste saio batzuekin txandaka, eta saio horietan industria-proiektu baten garapenari dagozkion zereginak aztertuko dira, hala nola ikerketa, sormena, diseinua, definizioa edo komunikazioa. Proiektua egin ahal izateko, ikasleak sormen, proiektu eta talde-lan teknikei buruzko eskola teorikoak hartuko ditu ikasleak, bai eta arloko profesionalen tutoretzapeko saioak eta praktikak ere.