Gorka Larralde del Solarrek, Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiko teknikariak, eta Mikel Arraiz Aldunatek, Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoko lizentziadunak, Soinua eta Irudia espezialitatean, irabazi dute "Euskera aukera" Bideo Laburren I. Lehiaketa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntza Plangintza Zuzendaritzak antolatu du lehiaketa hau, euskararen erabilera Unibertsitatean sustatzeko asmoz. Lehen saria irabazi duen laburraren izenburua "Euskera aukera" da. Lehen sari hau 1.000 eurokoa zen. Roberto Casado Pascalek eraman du bigarren saria (600 euro). Roberto NUPeko Industria Ingeniaritzako 5. mailako ikaslea da, eta aurkeztu duen lanaren izenburua "Edozein egunetan" da.
"Euskera aukera" bideoak kontatzen du bi minututan neska baten arreta deitu nahi duen Erasmus ikasle baten historia. Arreta deitzeko euskara, mugikorretako WhatsApp aplikazio ezaguna eta bertako adiskide baten laguntza erabiltzen ditu. Baina euskaraz ez dakienez, egoera bere aurka iraultzen da. Gorka Larraldek eta Mikel Arraizek egin dute laburraren gidoia.
Lehiaketa unibertsitate komunitate guztiari zuzentzen zaio, eta bere helburua da Unibertsitatean euskararen aldeko jarrera indartzea, euskararen erabilera sustatzea, eta euskararen errealitatea islatzen duten bideoei esker, hizkuntzaren normalizazioa alor guztietan aldeztuko duten jarduerak bultzatzea.
Parte-hartzaileek hiru bideo, gehienez, aurkezteko aukera zuten. Jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste lehiaketa batera aurkeztu gabeak izan behar ziren, eta 30 segundotik 3 minutura bitarteko iraupena eduki behar zuten. Gainera, musikak eta irudiak, jatorrizkoak ez baziren, egile eskubideen aldetik baimenduta egon behar zuten, edo lizentzia askekoak izan behar zuten. Halaber, ez zen ezinbestekoa aurkeztutako lanen hizkuntza euskara izatea, deialdiaren helburua betetzen bazuten: euskararen erabilera Unibertsitatean sustatzea.
Oinarriek ez zuten onartzen bortxazko edo arrazakeriazko eszenarik zeukan lanik, ezta eszena sexistarik edo pertsonen oinarrizko eskubideak urratzen zituenik ere.