Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Kontseiluak mintegi bat antolatu du, Espainian eta Europan prozesu eratzailea martxan jartzeko aukera aztertzeko. "Prozesu eratzaile baterantz" da topaketa honen izena. NUPeko 09. ikasgelan egingo da astelehen honetatik, urtarrilaren 28tik aurrera, eta hainbat unibertsitatetako irakasleek hartuko dute parte.

Mintegia gizarte, irakaskuntza eta ikasle talde batzuen ekimenaren emaitza da, eta aztertu nahi du gizarte-antolamenduaren beste forma batzuk bultzatzeko aukera, gaur egungo egoera politikotik abiaturik. Topaketa honen antolatzaileek prozesu eratzailea hartu dute erreferentetzat, hau da, gobernu-sistema demokratiko baten hasierako unea, orduan lortu zen gizarte-itunari buruz galdetzeko, eta beste itun berri bat egiteko oinarriak ezartzeko.

Urtarrilaren 30era, asteazkenera arte luzatuko den mintegi honetan egingo diren parte-hartzeetan, Espainian eta Europan prozesu eratzaile bat martxan jartzeko aukera juridiko, sozial eta politikoak aztertuko dira. Egun bakoitzean, 20 minutuko ponentzien bidez, hainbat eremutako ikuspegitik honako galdera hauei erantzungo zaie: Zergatik prozesu eratzaile bat? Nola? Zertarako?

Honako gai hauek ukituko dira, besteak beste: hiritarren parte hartzea bideratzeko ildoak, eskubide sozial eta juridikoen bermearen sistemaren eraginkortasuna, Espainiako sistema politikoaren ordezkapen-gaitasuna, zorraren zilegitasuna, eta abar. Ponentziak bukatzen direnean, hitz egiteko txanda irekiko da, bertan dauden pertsonen galderak eta ekarpenak entzuteko. Mintegia jendearentzat irekita dago, eta saio guztiak ikasgelategiko 09. ikasgelan izango dira, 17:00etatik 20:30era.


Egun guztietako hizlariak


Lehen eguneko jardunaldiak "Zergatik" du izenburua, eta honako hauek arituko dira: Jorge Nieto, NUPeko Analisi Ekonomikoaren Oinarriak irakasgaiaren katedraduna, Ricardo Feliú, Soziologiako irakaslea eta Claudia Storini, Konstituzio Zuzenbideko irakaslea. Samuel Gallasteguik, Bigarren Hezkuntzako irakasleak, egingo du hiru egunen aurkezpena, Ikasleen Kontseiluko ordezkari batekin batera.

Bigarren egunean, asteartean, urtarrilaren 30ean, gaia "Nola" izango da, eta honako hauek arituko dira: Ana Aliende Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia irakaslea, eszedentzian dagoen Juan Carlos Longás, NUPeko Ekonomia irakaslea eta foru parlamentarioa, eta Roberto Viciano, Valentziako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea.

Mintegiaren egitaraua urtarrilaren 30ean, asteazkenean, itxiko da, "Zertarako" izeneko egunarekin. Hauek izango dira parte-hartzaileak: NUPeko Historia eta Erakunde Ekonomikoak irakasgaiko irakasle José Miguel Lana; Zaragozako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Francisco Palacios; Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle Gerardo Pisabello, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lan Zuzenbideko eta Gizarte Segurantzako irakasle Elisa Sierra.