Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) doako zenbait lantegi antolatu dituzte ekintzailetzarako sarrerari buruz, Alumni Programako ikasleei zuzenduak. Lantegi hauen xedea da enpresak eraginkortasunez sortzeko erabakiak hartzea errazten dituzten ezagupenak eta trebetasunak eskaintzea talde horri. Ikastaroak urtarrilaren 28tik 31ra bitartean emango dira, eta izena hilaren 23a baino lehen eman behar da alumni@unavarra.es helbidean.

Lehen ikastaroaren izenburua "Enpresaren zutabeak" da, eta urtarrilaren 28 eta 29an emango da goizeko eta arratsaldeko bi txandatan, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko batzar-gelan. Negozioaren ideia, ekintzaile taldea eta enpresa plana dira lantegi honetan aztertuko diren hiru elementu gakoak. CEINeko zenbait langilek, enpresen aholkularik eta ekintzailek emango dute lantegia.

Bestalde, bigarren ikastaroaren izenburua "Negozio eredua: CANVAS" da, izan ere, negozio-eredu eta balio-proposamen kontzeptuak identifikatu eta tratatzeko tresna gaurkotuena baita. Era berean, urtarrilaren 30 eta 31n goizeko eta arratsaldeko txandatan emango den lantegi honetan ekintzailetza eta negozio ereduen sorrera aztertuko dira, eta arrakasta duten ereduak ezagutzera emango dira. Bi lantegietan lan metodoa aktiboa eta parte hartzekoa izango da, eta ikasleek arlo bakoitza jorratu beharko dute banaka eta taldeka.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adiskideen eta Ikasle Ohien Alumni Programak eta Enpresa Berritzaileak Sortzeko Unibertsitate Laborategiak (LUCE) sustatu dute jarduera. Laborategi hau Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen, Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroaren (CEIN) eta Unibertsitatean enpresa berritzaileak sortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak biltzen dituen Nafarroako Enpresaburu Gazteen Elkartearen arteko lankidetzatik sortutako ekimen bat da.

Alumni Programak jarduerak eta topaketak sustatzen eta garatzen ditu, harreman profesional eta sozialak sustatzen ditu, eta Unibertsitate Publikoak dituen balioak eta xedeak gizartean hedatzen laguntzen du. Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren bidez kudeatzen den programa honek instituzioarekin lotura duten eta beren artean, beren fakultateekin eta eskolekin edo NUPekin berarekin harremana izaten jarraitu nahi duten pertsona guztiak biltzen ditu. Alumni Programako zerbitzuak eta jardueren programak http://www1.unavarra.es/amigosyantiguosalumnos/ helbidean daude ikusgai.