Joan eduki nagusira

zoom Gastromonia Gelako klase baten irudia

Gastromonia Gelako klase baten irudia

Urtarrilaren 8an, asteartean, inskripzio-epe berri bat hasiko da, unibertsitateko komunitateko kideei zuzendua, Nafarroako Unibertsitate Publikoak bigarren seihilekoan antolatzen dituen kultura ikastaroetarako. Epea urtarrilaren 21ean irekiko da Unibertsitatetik kanpokoak direnentzat. Ikastaroen eskaintzari eta inskripzioari buruzko informazioa Kultura Jardueren Atalaren web orrian dago: (http://www1.unavarra.es/cultura).

Bigarren seihileko honetan Ondarea eta Arte Plastikoak, Irudia eta Soinua eta Komunikazioa eta Gastronomia geletan antolatutako ikastaroak eskainiko dira, eta edonork egin dezake inskripzioa. Nolanahi ere, inskripzio kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada, lehentasun hurrenkera hau da: ikasleak, irakasle eta ikertzaileak (II), administrazio eta zerbitzuetako langileak (AZL), Unibertsitatearen Adiskideak eta Ikasle Ohiak programetako kideak, eta gainerakoak. Zorrotz beteko da izena emateko hurrenkera.

Ondarea eta Arte Plastikoak Gelak ikastaro hauek eskainiko ditu: "Arte eta sormen laborategia", eta "Ondare kultural ez-materiala: identitatea eta imaginario kolektiboa ezagutu”. Bigarren ikastaroa euskaraz emango da. Komunikazio Gelak "Irakurketa kluba" eta "Jendaurrean hitz egitea" ikastaroak eskainiko ditu. Irudia eta Soinua Gelak "Zinema dokumentala: sarrera praktiko bat" ikastaroa programatu du eta Gastronomia Gelak "Bizirauteko sukaldaritza" ikastaroa. Ikastaro hauek guztiak Arrosadiko campusean emango dira. Bestalde, Tuterako campusean pintura ikastaro bat eta ardo-dastaketako ikastaro bat eskainiko dira bigarren seihilekoan.

Ikastaro horiez gain, antzerki taldean eta abesbatzan parte hartzeko aukera eskaintzen du Unibertsitateak. Talde egonkorrak dira, eta unibertsitateko komunitateko kideei eta erakundetik kanpokoei zuzenduak daude. Talde hauetan izena ematea doakoa da.

Kredituak

Ikasleek kredituak lortzeko aukera dute kultura-ikastaroetan parte hartuz. 1. eta 2. zikloko ikasleek ikasturte bakoitzeko hautaketa libreko 3 kreditu lortuko dituzte gehienez ere. Gehienez ere 6 kreditu lortuko dituzte Graduko ikasleek jarduera horiengatik beren graduko ikasketa plan ofizial osoan.

Kredituak eskuratu nahi dituzten ikasleek espreski adierazi beharko dute hori inskripzio orrian. Unibertsitateak ikastaro bakoitzari esleitu zaizkion kredituak emango ditu, betiere, ikasleek eskola-orduen % 90 egiten badituzte, eta probak gainditu edo irakasleek eskatutako lanak aurkezten badituzte.

Ikastaroen prezioak 58 euro eta 130 euro artekoak dira, ikastaroaren iraupena zein den eta ikasleak unibertsitatearekin zer harreman duen (unibertsitateko komunitate kidea den edo ez). Interesdunek informazio gehiago dute eskuragarri Kultura Jardueren Atalean, Ikasgelategiko 019 ikasgelan, 08:30etik 14:30era, eta telefono zenbaki hauetara deituz: 948 16 89 72 / 16 84 78