Miguel Beruete eta Mario Sorolla Ayza Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek Donostiako Nanogune Ikerketa Kooperatiboko Zentroko Igor Campillorekin lankidetzan egindako artikulu bati unibertsitateko argitalpen hoberenaren saria eman diote CST University Publication Award 2012 sarietan. Computer Simulation Technology alemaniar konpainiak egiten du deialdia lehiaketa horietarako. Alemaniar konpainiak edozein frekuentzia bandatan eremu elektromagnetikoak simulatzeko prestazio handiko softwarea garatzen eta banatzen du. Saritutako artikuluan profil parabolikoa daukaten leiar metalikoak —telekomunikazioetan erabilitakoak— deskribatzen dira, zulatutako plakak pilatuz egiten direnak.
CST University Award sariek 3D simulazio elektromagnetikoaren aplikazioko erabilera ebaluatzen dute. Epaimahaiak erabiltzen dituen balioespen irizpideen artean dauden, besteren artean, aplikazioaren edo teoriaren originaltasuna, aurkezpenaren argitasuna eta CST konpainiaren softwarearen ezaugarrien erabilera aurreratua, era askotako arazo elektromagnetikoak simulatzeko gai dena.
Saritutako ikertzaileek proposatutako diseinuak ezohiko transmisioaren fenomenoan eta metamaterialen kontzeptuan oinarritzen dira. Kontzeptu honi esker naturako materialetan aurkitzen ez diren propietateak dituzten gailuak lortzeko aukera izaten da. “Leiar horien ezaugarri nagusia da, beren diseinuari esker, jasotzen duten ahalmen guztia transmititzeko gai direla eta islatzea minimizatzen dutela —azaldu du Miguel Beruetek—. Ohiko leiarretan hori ezinezkoa da, beti islatzen baita ahalmenaren parte bat airetik beste material batera igarotze hutsagatik, gehienean beira”. Portaera horren arrazoia errefrakzio indizea izenekoa da, “baina metamaterialekin nahierara alda daiteke errefrakzio indizea. Hain zuzen, teorian islatzerik gabe leiarrak lortzeko aukera ematen dute, eta hori egokitze perfektua izenaz ezagutzen da”.
Lanean 2 diseinu desberdin aurkezten dira: leiar lau-ahurra, urrutiko iturri batetik hartutako erradiazioa puntu batean ardazten duena, eta leiar ahurbikoa, leiarraren beste muturrean dagoen beste iturri puntual batek sortutako erradiazioa puntu batean fokuratzen duena.
Saritutako artikulua, "Beamforming by Left-Handed Extraordinary Transmission Metamaterial Bi- and Plano-Concave Lens at Millimeter-Waves" izenekoa, IEEE Transactions on Antennas and Propagation-en argitaratu zen. Egileak hauek izan ziren: Miguel Navarro telekomunikazio ingeniaria, doktorea NUPen eta ikertzaile elkartu aritzen dena Imperial College Londonen (Erresuma Batua); Miguel Beruete Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzailea; Mario Sorolla Ayza Seinalearen Teoria eta Komunikazioetako katedraduna, orain dela gutxi zendu dena; "Komunikazioak, seinaleak eta mikrouhinak" taldeko ikertzaileak guztiak, eta Igor Campillo, garai hartan CIC Nanoguneko ikertzailea eta gaur egun UPV/EHUko Euskampuseko zuzendari betearazlea.