Joan eduki nagusira

zoom Abián B. Socorro saritutako posterraren aurrean, NUPeko sentsoreen laborategian

Abián B. Socorro saritutako posterraren aurrean, NUPeko sentsoreen laborategian

“Trends in Nanotechnology 2012” (joerak nanoteknologian) biltzarreko batzorde antolatzaileak saria eman dio Abián Bentor Socorro Leránozek aurkeztu zuen posterrari. Abián Bentor telekomunikazio ingeniaria eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan prestatzen ari da ikertzaile moduan. Lanak laburbiltzen zuen bere ikerketa, hau da, zuntz optikozko biosentsoreak garatzea medikuntzan aplikatzeko, eta Madrilen egin zen nazioarteko biltzarrean aurkeztu zen.

Telekomunikazio ingeniari honek Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Biomedikoan egin du NUPen, eta doktoretza egiten ari da, prestatzen ari den ikertzaile moduan, Sentsoreen Laborategian, Komunikazio Optikoei eta Aplikazio Elektronikoei buruzko Ikerketa Taldearen barruan. "Poster honetan —azaltzen du— zuntz optikozko biosentsore bat aurkezten dugu. Mota honetako biotsensoreak garatzen ari gara, medikuntzan erabiltzeko, teknologia berritzaile eta lehiakor batekin, hainbat material lantzeko aukera ematen duelako, eta kostu txikiagoa daukalako". Sarituta izan den lanean NUPeko beste ikertzaile hauek ere aritu izan dira: Jesús M. Corres, Ignacio Del Villar, Francisco J. Arregui eta Ignacio R. Matías.

Biosentsorea biohartzaileak erabiltzen dituen tresna da (kasu honetan, antigorputzak), gai biologiko interesgarriak atzemateko. Abián Socorroren lanean antigenoak atzeman nahi dira. Antigenoa gorputzarena ez den gai bat da; sistema immunologikoak atzematen duenean, mehatxutzat hartu eta errekazionatzen du, antigorputzak sortuz. Biosentsorea eraginkorra izateko, egin behar den lehen gauza substratua, zuntz optikoa alegia, funzionalitzatzea da. "Horretarako eskala nanometrikoan jalkitako materialak erabiltzen ditugu, funtzio bikoitzekoak: batetik ez dituzte erabiltzen ditugun substantzia biologikoak kaltetzen, eta bestetik guk neurtu nahi dugun fenomenoa sortzen dute". Fenomeno hori argiaren absorzioa da, uhin-maiztasun jakin batzuetan, ingelesez lossy mode resonance edo LMR deitzen dena, galera moduen erresonantzia. "Antigorputzak zuntzari atxikitzen zaizkionean, antigenoak atzeman ahala, zuntz optikotik zehar barreiatzen den argiak sortzen duen erresonantziaren uhin-luzera aldatzen da.. Aldaketa hori neur daiteke, eta modu horretan atzeman zenbat antigeno dagoen".

Normalean, laginean zenbat eta antigeno gehiago atzeman, orduan eta aurreratuago dago gaixotasuna. "Horixe da behatuko genukeena: hasierako edo bukaerako egoera batean bazaude, antigeno eta antigorputz gutxi egongo dira, eta erresonantzia erreferentziazko uhin-luzeratik hurbil dauden uhin-luzeretan egongo da. Egoera aurreratuagoa bada, atzematen diren kontzentrazioak handiagoak izango dira, eta erresonantziaren uhin-luzera asko aldatuko da", azaldu du.

Gailu berritzaileak

Gaur egun bada horrelako neurketarik egiten duen gailurik, antzeko teknika batean oinarritutakoak. Oso eraginkorrak dira, baina oso garestiak ere bai, erabili ohi dituzten ekipamenduarengatik eta materialengatik, metal nobleak erabiltzen direlako, urrea bereziki. "Gu aukera bat bilatzen ari gara: tresneria sinpleagoa eta beste substantzia batzuk erabiltzea, esaterako polimeroak, oxido metalikoak, eta abar, hau da, askoz ere merkeagoak diren materialak. Orain garatzen ari garen sentsore mota hau medikuntzan aplikatzeko pentsatuta dago, baina gauza askotarako erabil daiteke: tenperatura, hezetasuna, gasak atzematea, eta abar. Substratuan zer jartzen dugun, horren araberako erresonantzia lortzen dugu, eta bere jokabidea kontrolatzeko baldintzak sor ditzakegu, neurtu nahi duguna neurtu ahal izateko. Izan ere, laborategiko beste kide batzuk horretan ari dira lanean dagoeneko".

Abián B. Socorrok irailean bukatu zuen Unibertsitate Masterra Ingeniaritza Biomedikoan. Saritu duten posterra master amaierako lanaren barrukoa da. Lan hori Osasun Ikasketen Eskolako irakaslea eta Nafarroako Ospitalean larrialdietako mediku atxikia den Tomás Belzuneguik zuzendu zuen. Gaur egun doktoretza tesia egiten ari da, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean, Ignacio Del Villar eta Jesús M. Corres irakasleen zuzendaritzapean.