Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Jesús Irurre, Yolanda Barcina eta Eloísa Ramírez.

Ezkerretik eskuinera, Jesús Irurre, Yolanda Barcina eta Eloísa Ramírez.

Gizarte Kontseiluak bilera bat egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorreraren 25. urteurrena ospatzeko. Kontseiluaren sorreratik organo honen kide izan diren pertsona gehienek parte hartu zuten bileran. Ekitaldia astearte honetan, hilaren 27an, egin zen Errektoretzako eraikinean, eta Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Jesús Irurre Gizarte Kontseiluko burua izan dira ekitaldiaren buru.

Ia ehun lagunek parte hartu zuten bileran, eta horien artean Fernando Redón organo honen lehendakaria; Pedro Burillo eta Antonio Pérez Prados; Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; eta José Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria zeuden.

Egitaraua Jesús Irurrreren hitzaldi batekin hasi zen, non esker ona adierazi baitzien 25 urte hauetan NUP garatzea ahalbidetu duten instituzio eta pertsona guztiei. "Unibertsitatearen lanari esker, jende prestatuagoa, kultuagoa eta interesgarriagoa daukan erkidego bat gara, hortaz, erronka handiagoei aurre egiteko prestatuago gaude, eta hori sekulako ondasuna da garai zail hauetan", azaldu zuen Gizarte Kontseiluko buruak.

Egin apustu ezagutzaren aldeko ekonomiaren alde

Ondoren, Rolf Tarrach Luxenburgeko Unibertsitateko errektoreak hitzaldi bat eman zuen, "Ausardia urrun iristeko: unibertsitate sendoak biharko Espainiarako" izenburua zuena. Rolf Tarrach Luxenburgoko Unibertsitateko errektorea da 2005ean sortu zenetik. Tarrachek Zientzia Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroa (CSIC) zuzendu zuen 2000. urtetik 2003. urtera, eta Hezkuntza Ministerioak eskatuta Espainiako unibertsitate sistemari buruzko txosten bat egin zuen nazioarteko adituen batzorde baten buru izan da. Aipatu txostenaren izenburu bera dauka NUPen eman duen hitzaldiak.

Bere parte hartzean, Tarrachek nabarmendu zuen krisirako irtenbidean beharrezkoak direla unibertsitateak. "Gakoa ezagutzaren aldeko ekonomian dago eta, horretarako, beharrezkoa da unibertsitate sendoa edukitzea eta ulertzea bikaintasuna politikatik at egon behar dela", azaldu zuen Luxenburgoko Unibertsitateko errektoreak.

Bestalde, Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak nabarmendu zuen 25. urteurrena ospatzea "harro eta pozik egoteko arrazoia" dela, baina unibertsitate komunitatea gaurkotasunean kokatua, eta etorkizunari begira dagoela. "Gaur egungo egoera konplexua da, eta zuhur jokatu beharra dago. Eta etorkizuna oraindik are konplexuagoa da, ez direlako falta erronkak, zalantzak, kezkak eta egiazko ziurgabetasun nabariak, asmo on guztien gainetik. Hala ere, ez dira falta lana egiteko gogoak, eta unibertsitatea osatzen dugun kide guztien ahalegina ere ez. Eta ez da ilusioa falta, unibertsitateko lana, eta hezkuntzako eta ikerketako erantzukizuna beti ilusioz beteta egoten delako", esan zuen Eloísa Ramírezek. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak eman zion amaiera topaketari.

1994. urtean sortutako erakunde bat

NUPeko Gizarte Kontseilua 1994an sortu zen, eta, ordutik hona, ia ehun bat kontseilukide izan ditu gizarteak unibertsitatean parte hartzeko duen erakunde kolegiatu honetan. Gaur egun, Gizarte Kontseiluak 19 kide ditu; horietatik hamahiru gizartearen partekoak dira eta gainerako seiak unibertsitate komunitatekoak. Zehazki, gizartearen partekoak diren hamahiru kontseilukideetatik 5 Nafarroako Parlamentuak izendatzen ditu, 4 Nafarroako Gobernuak eta 4 ordezkaritzarik handiena duten enpresarien eta sindikatuen erakundeek.

Ekonomiari dagokionez eginkizun garrantzitsuak dituen organo bat da Gizarte Kontseilua. Izan ere, Unibertsitatearen aurrekontua eta urteanitzeko programazioa onetsi behar ditu eta jarduera ekonomikoak eta bere zerbitzuen errendimendua gainbegiratu behar ditu. Era berean, bere ardura da gizarteak Unibertsitatearen finantzabidean lagun dezan sustatzea.