Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak onetsi du Espainiako Hizkuntza eta Kulturaren Ikasketa Aurreratuen Diploma 2012-13 ikasturtean ezartzea. Titulu bereki berri hau datorren urteko urtarrilaren bukaeran hasiko dira ematen, eta bere helburua da atzerriko ikasleei hizkuntza, kultura eta literaturari buruzko prestakuntza ematea. Ikasle horiek espainierazko hizkuntza gaitasuna ertaina eduki behar dute (B1 maila). Izena emateko epea zabalik dago, eta on-line ere egin daiteke www.unavarra.es web-orrialdearen bidez
Espainiako Hizkuntza eta Kulturaren Ikasketa Aurreratuen Diplomaren helburua da prestakuntza zorrotza ematea atzerriko ikasleei, gaur egungo Espainiaren, bere hizkuntzaren, kulturaren eta historiaren gaineko ikuspegi orokorra izan dezaten. Era berean, gaztelaniazko hizkuntza gaitasunak hobetzeko helburua ere badauka, B2 mailara iristeko, gutxienez, hizkuntza erabiliz eduki literarioak edo historiko-kulturalak transmititzeko. Titulu bereki honetan emango diren irakasgaietan gaztelaniazko ahozko eta idatzizko gaitasuna landuko dira, CLIL metodologia (Content Language Integrated Learning) erabiliz.
Ikasketek 30 ECTS kreditu dauzkate eta hiru modulutan banatzen dira: gaztelania atzerritarrentzat, literatura gaztelaniaz (teoria eta praktika) eta Espainiako kultura, zibilizazioa eta hizkuntzak. Gaztelaniazko moduluan gramatika, elkarrizketa, testuen prestakuntza eta fonetika aplikatua bezalako edukiak landuko dira. Bigarren moduluan, ikasleek Espainiako literaturaren obra garrantzizkoenak ezagutuko dituzte, eta testu literarioak aztertuko dituzte, baita berek egindakoak ere. Azkenik, gaurko Espainia sorrarazi duten gertaera historikoak ezagutuko dituzte, eta Espainiako hizkuntza eta kultura aniztasuna, Nafarroako aberastasun historikoa, kulturala eta linguistikoa, baita euskal hizkuntza eta kultura ere.
Nekane Oroz da titulu bereki honen zuzendaria. Nekane Oroz Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikako irakaslea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko zuzendaria da. Atzerritarrei gaztelania edukien bidez erakusten (CLIL) adituak diren irakasleek emango dituzte eskolak, , baita diplomak dauzkan irakasgaietan adituak diren irakasleek ere.