Espainiako 50 unibertsitatek baino gehiagok eztabaidatuko dute ostegun honetan, azaroaren 22an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, erakunde hauek krisi garaian daukaten gizarte erantzukizunari buruz. Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak (CRUEk) antolatu du mintegia, Ingurumenaren Kalitatea, Garapen Iraunkorra eta Arriskuen Prebentzioa (CADEP) batzorde sektorialaren lanen parte dena.
"Unibertsitateen gizarte erantzukizuna: erronkak eta aukerak krisi garaian" da mintegi honen izenburua, Sario eraikineko 04. ikasgela erantsian egingo dena, Arrosadiko campusean. Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak zuzendu du mintegiaren hasiera-ekitaldia. César López Dios, Nafarroako Gobernuko Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria, eta Santiago Iraburu Allegue, NUPeko Gizarte Kontseiluko idazkariak lagundu dute errektoreordea.
Gaur arratsaldeko saioan, "Gizarte erantzukizuna Espainiako unibertsitateen zeregina den aldetik, eta garapen iraunkorrari egiten dion ekarpena" izeneko azterketa aurkeztuko da. Hezkuntza, Kultura eta Kirola Ministerioaren Azterketen eta Analisien Programak prestatu du. Aipatu Ministerioko Unibertsitatearen Gizarte Erantzukizunaren Batzordeko koordinatzaileak, Margarita Barañano Cidek, aurkeztuko du txostena. Barañano Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Soziologia Saileko irakaslea ere bada. Ondoren, Noelia López Álvarez aholku-emaileak beste txosten hau aurkeztuko du: "Gizarte erantzukizuneko praktika onak eta garapen iraunkorra Espainiako unibertsitatean".
Jardunaldia bukatzeko mahai-inguru bat izango da, zeinean honako hauek izango baitira partaide: Marta de la Cuesta González, UNEDeko Ekonomia Aplikatuko irakaslea, Gobernu-dimentsioaz mintzatuko dena; Mariano Moneva Abadía, Zaragozako Unibertsitateko Kontabilitatearen eta Finantzen katedraduna, kudeaketa-tresnez arituko dena; eta Javier Benayas del Álamo, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekologia irakaslea, ingurumen-dimentsioaz mintzatuko dena.
CADEPeko Batzorde betearazlea
NUPen, ostiral honetan, CRUEko Ingurumenaren Kalitatea, Garapen Iraunkorra eta Arriskuen Prebentzioaren batzorde sektorialaren batzar betearazlearen bilera bat izango da, unibertsitateak ingurumen lokal eta globalean daukan eragina minimizatzeko helburuarekin. Horretaz gain, Espainiako unibertsitateen arteko lankidetza areagotu nahi da, garapen iraunkorreko esperientziak trukatzeko, baita arriskuen prebentzioan lankidetza ere.
Bere aldetik, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak Espainiako unibertsitateak ordezkatzen dituen organismo intsituzional eta anitza da. Bere helburua da goi mailako hezkuntza sustatzea eta hobetzea, unibertsitateen arteko lankidetzaren bidez eta unibertsitateen eta gizarte eragileen arteko elkarrizketaren bidez. Azken helburua gaurko eta biharko gizartearen bilakaera, hobekuntza eta aurrerapena lortzea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau 1994an eratu zen, eta Espainiako 75 unibertsitatek osatzen dute: 50 publikoak dira, eta 25 pribatuak.