“Conversaciones 25 Solasaldiak” zikloak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Parlamentuarekin lankidetzan antolatzen duen zikloak, Unibertsitatearen hogeita bosgarren urteurrena dela-eta antolatu diren bost mahai-inguruetako laugarrena egingo du bihar, osteguna. Mahai-inguruaren izenburu hau da: "Bideragarria da gure osasun sistema?". Saioa jende guztiarentzat da, eta Parlamentuko erabilera anitzeko aretoan egingo da.
Juan Manuel Cabasés Hita Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Aplikatuko katedradunak koordinatuko du mahai-ingurua. Solasaldian parte hartuko dute Beatriz González López-Valcárcel Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko Ekonomiarako Metodo Kuantitatiboetako katedradunak eta Jesús María Fernández Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak. Adituek egungo osasun sistemari eta bere iraunkortasunari buruzko hainbat gai aztertuko dituzte.
Beatriz González López-Valcarcelen ikerketa lerro nagusia Osasunaren Ekonomia da, espezifikoki tabakismoari buruzko ekonomia-alderdiak; sendagaien erabilera; osasun sistemaren finantzabidea; eta osasunerako giza baliabideak. Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko eta La Lagunako Unibertsitateko Osasunaren Ekonomiako eta Osasun Kudeaketako Masterraren zuzendaria da. Ekonometriari eta osasunaren ekonomiari buruzko artikulu, liburu eta liburuen kapitulu asko argitaratu ditu eta Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalak egiaztatutako lau ikerketa seiurteko ditu. 2008an egonaldi bat egin zuen irakasle bisitari gisa MIT Cambridgeko Ekonomia Sailean (Massachusetts, USA). 2011ko apiriletik hona European Association of Public Health-eko Osasun Publikoaren Ekonomia Ataleko lehendakaria da (EUPHA).. Halaber, nazioarteko ahokulari lanetan aritzen da Mexikon, Brasilen, Costa Rican, Txilen, Uruguain eta Mozambiken.
Jesús María Fernández mediku espezialista da eta Masterra Osasun Publikoan eta Osasun Administrazioan. Ibilbide luzea egin du osasun kudeaketan eta politikan eta hainbat zuzendaritza kargu bete ditu Nafarroako gobernuan (Osasuneko zuzendari nagusia ) eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuan (sailburuaren aholkulari betearazlea). Munduko Bankuko osasun arloko funtzionario espezialista da eta Oracle informatika-enpresaren osasun arloko zuzendaria Espainiarako eta Portugalerako. Esaderen irakaskuntza lankidea da Enpresa politikako sailean 1996az geroztik. Halaber, Espainiako Osasun Publikoaren eta Administrazio Sanitarioaren Elkarteko Zuzendaritza Kontseiluko kidea izan da.
“Conversaciones 25 Solasaldiak” mahai-inguruak eta eztabaidak egiteko ziklo bat da, eta bai gizarterako oro har, bai zientziaren esparrurako bereziki interesgarriak diren gaiak aztertzen ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batek koordinatuko du mahai bakoitza, eta mahai-inguruetan parte hartzen dute beren arloetan adituak diren hainbat zientzialari eta ikertzaile, eta mahai-inguruan eztabaidatuko diren gaietan kudeatzeko ardurak eduki dituen pertsona bat. Kazetari bat moderatzaile gisa aritzen da saioetan.
Zikloari buruzko informazio gehiago eskuragarri dago unibertsitatearen web-orrialdean: www.unavarra.es