Guztira zortzi talde eta bakarlari bat arituko dira ostegun honetan, azaroaren 22an, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campus Music lehiaketan. Izan ere, lehiaketa Sormen Sarien parte da, eta helburua hemengo taldeak sustatzea da. Emanaldiak 16:30ean hasiko dira Ikasgelategiko kafetegian eta sarrera doan da. Irabazten duen taldearentzako saria da disko bat grabatzea Marearen R5 estudioan.
Parte hartuko duten taldeak dira: “The beat inside”, “Six miles wide”, “Rattrap”, “Zartako-K”, “Txakapumba”, “Mala apuesta”, “Hooked in time” eta “Sinónimo de estilo-SDS”, eta talde horiez gainera, Pablo Aguado Miranda bakarlaria ere arituko da. Taldeei eskatzen zaien baldintza bakarra da taldeko kide bat gutxienez unibertsitateko kidea izatea lehiaketan izena ematen den unean.
Lehiaketa Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko kafetegian egingo da, eta parte hartzaileek eman beharreko emanaldiak gutxienez 15 minutukoak eta gehienez ordu erdikoak izango dira. Parte hartzeen hurrenkera aldez aurretik zozketatuko da, eta interpretatzen dituzten abestiak ez dira beste lehiaketa batzuetan saria jasotakoak izango.
Urte honetako edizioan epaimahaiko kideak dira: Alonso Remedios, Lasttour International enpresako kidea, Alén Ayerdi, “Marea” taldeko kidea, eta Javier Morrás, Brigada Improductiva taldeko kidea. Azken talde honek Campus Music lehiaketaren aurreko edizioan accesit bat lortu zuen, eta irabazle atera zen ZerbuRock musika lehiaketan eta G-9aren Musika Lehiaketan.
Campus Music lehiaketa NUPek antolatzen dituen Sormen Sarien barnean kokatzen da. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Zehatz-mehatz, Campus Music lehiaketaz gainera, Sormen Sarien modalitateak dira poesia gaztelaniaz eta euskaraz, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, eta argazkigintza.