Nafarroako Unibertsitate Publikoak hezkuntza arloko lankidetza hitzarmen bat sinatu du Foltra Fundazioarekin Fisioterapia titulazioko ikasleek kanpoko irakaskuntza praktikak egin ditzaten erakunde honek Santiagon duen zentroan.
Foltra Fundazio hori irabazi-asmorik gabeko proiektu bat da, eta bere helburua da sortzetiko edo hartutako kalte neurologikoa, nahiz zentrala nahiz periferikoa, duten erien errehabilitazio fisiko eta intelektuala. Ikerketan ere aritzen da Foltra proiektua, eta garuneko kalteak osatzeko terapia bat aplikatzen du Santiagoko bere zentroan. Terapia hori hazkundearen hormonan eta zentzumenen estimulazioan oinarritzen da.
NUPek eta Foltra Fundazioak sinatutako hitzarmenak ezartzen du gehienez ere lau ikaslek prestakuntza praktikak egingo dituztela urtero erakunde honen instalazioetan. Praktikak Foltra Fundazioaren zentroko zerbitzuetan egingo dira, ikasleei beren prestakuntza osatzeko beharrezkoa den prestakuntza praktiko eta espezializatua emateko.
Unibertsitateak aukeratuko ditu ikasleak, bai eta kanpoko irakaskuntza praktiken edukia eta programa ezarri ere. Zehazki, ikasleek beren ezagupen teorikoak osatzea, gaitasunak hartzea eta beren prestakuntza praktikoa sustatuko duten jarrerak garatzea da programaren xedea. Laguntza zentroko arduradun batek eta NUPeko irakasle batek ikuskatuko dute programa.
Hitzaldia Tuterako campusean
Jesús Devesa Foltra proiektuaren sortzaileak eta Santiagoko Unibertsitateko Giza Fisiologiako katedradunak hitzaldi bat eman du ostegun honetan, azaroaren 15ean, NUPek Tuteran daukan campuseko ekitaldi aretoan, eta kalte neurologikoa duten erien errehabilitazioan ireki diren bide berriei buruz hitz egin du bertan.
Hitzaldi hau Fisioterapiako eguneratzeari buruzko mintegi batean egin da, eta batez ere titulazio honetako ikasleei zuzendua zegoen. José Ramón Alfaro Tuterako campuseko errektoreordeak ireki du ekitaldia, eta bertan izan dira Ana Insausti NUPeko Osasun Ikasketen Eskolako zuzendari ordea, eta Mikel Izquierdo Fisioterapiako katedraduna. Mintegi honi azaroaren 22an emango zaio amaiera Ricardo Insausti Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Giza Anatomiako katedradunak emango duen hitzaldi batekin. Honako hau izango da hitzaldiaren izenburua: adierazpenezko oroimenaren oinarriak: ikuspegi neuroanatomiko eta kliniko bat".