Joaquín Estefanía kazetariaren hitzaldi batekin hasi da gaur, azaroaren 9an, Soziologiaren eta Zientzia Politikoaren Nafarroako I. Jardunaldia, eta izenburua "Gizarte-eszenatoki berriak. Gizabanakoarengandik taldera" da. NUPeko Soziologia Sailak eta Nafarroako Soziologoen eta Politologoen Elkargoak antolatu dute topaketa, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fernando Remacha Aretoan inauguratu du Jesús María Pintor Irakaskuntzako errektoreordeak ehun bat lagunen aurrean.
Jardunaldian gogoeta egin nahi da eszenatoki sozial eta politiko berriak ekarri dituen ondorioei buruz. Ondorio hauek ikusgarriak dira erakundeetan, ekonomian, eta hiritarren eguneroko bizitzan. Jardunaldia hitzaldien eta lantegien inguruan antolatu da. Horietan honako gai hauek landuko dira: eliteen boterea, demokraziaren eta interneten arteko harremanak, suminduen mugimenduak eta desberdintasuna, besteak beste.
Goizeko programaren izenburua "Eszenatoki handiak: ongizate estatua eta bide politikoak" da. Joaquín Estefaníak ireki du goizeko 9:00etan. Estefanía El Paiseko zuzendari ohia da, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko zein El Paiseko Kazetaritza Eskolako zuzendaria. Carlos Vilches Nafarroako Soziologoen eta Politologoen Elkargoko dekanoak, NUPeko Soziologia irakaslea ere badenak, egin du Estefaníaren aurkezpena.
Ondoren, Jesús Irurrek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko buruak, Mikel Olazaranek, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) soziologia irakasleak, eta Ricardo Feliuk, NUPeko soziologia irakasleak, gai hau aztertuko dute 20 minutuko hitzaldietan, eta lantegiak eta lan-mahaiak koordinatuko dituzte taldeka.
Enrique Gil Calvo, gaur arratsaldean
Enrique Gil Calvok, Madrileko Unibertsitate Konplutentseko soziologia irakasleak, irekiko du arratsaldeko saioa, arratsaldeko 16:00etan. Saio honen izenburua "Eszenatoki txikiak: pertsonak, taldearen adimena" da. Honako hauek izango dira hizlariak hogei minutuko hitzaldiak emango dituztenak: Sixto Jimenez, enpresaria eta Eusko Ikaskuntzako lehendakariordea, Begoña Pérez Eransus, Gizarte-lan eta Gizarte-Zerbitzuetako irakaslea NUPen, eta Antidio Martínez de Lizarrondo, Gizarte Laneko irakaslea. Jardunaldia bukatzeko, lan-mahaien ondorioak aurkeztuko dira, eta amaiera-ekitaldi bat izango da.