Zezenketen etorkizuna, abere-bioaniztasunaren mantentzea edo jokatzeko zezenen elikadura dira Jokatzeko zezenei buruzko VIII. jardunaldietan eztabaidatuko diren gaietako batzuk. Topaketa hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan egingo da, azaroaren 23an eta 24an, eta helburua du ikasleei, abeltzainei, profesionalei, zaleei eta, oro har, zezenen munduan interesatuta dauden guztiei jakinaraztea abere mota honen hazkuntzaren eta ustiapenaren alderdi nabarmenenak. NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak antolatu ditu jardunaldiak, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren (UPM) izen bereko eskolarekin lankidetzan.
Jardunaldiak Olibondoak eraikineko Gradu aretoan egingo dira eta azaroaren 23an, ostiralean, hasiko dira, 9:30ean, Paloma Virseda, Ikasleen gaietarako errektoreordea, buru izango duen inaugurazio ekitaldiarekin. Ekitaldian Alberto Enrique, NIGMETeko zuzendaria, eta jardunaldien zuzendariak, Antonio Purroy (NUP) eta Carlos Buxade (UPM) Abere Ekoizpeneko katedradunak ere bertan izango dira.
Topaketa bost bloketan garatuko da, zeinetan hainbat txosten aurkeztuko baitira, gero, eztabaida eta mahai-inguruekin, bukatzeko. Lehendabiziko jardunaldian aztertuko diren gaiak izango dira Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) eta elikadura, osasuna eta zezenketaren garrantzia. Azken honetan hitz egingo dute Katalunian edo Euskal Herrian ezarri nahi den zezenketen debekuari buruz.
Juan José Padillaren parte hartzea
Bigarren jardunaldia azaroaren 24an, ostiralean, egingo da eta hasierako gaia abere-bioaniztasunaren mantentzea izango du. Gero hainbat hizlarik, hala nola albaitariek, zezen-hiltzaileek –Juan José Padilla- eta zezen-kritikariek, “Zezenketaren defentsa” izeneko gaiari buruz eztabaidatuko dute.
Jardunaldien egitarauak beste bi jarduera ere jasotzen ditu. Lehena da Vidal Pérez Herrerok editatutako 2013ko zezen-agendaren aurkezpena. Bestea, “Zezenaren bideetatik” argazki erakusketa da. Jardunaldien egitarau osoa ondoko web gunean ikus daiteke: http://www.unavarra.es/jornadas_lidia/