Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, María Pía Timón, Alfonso Carlosena eta Susana Irigaray

Ezkerretik eskuinera, María Pía Timón, Alfonso Carlosena eta Susana Irigaray

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur goizean egin du "Kultura Ondare Materiagabea Nafarroan: bilketa, babesa, azterketa eta aplikazioa" izenburua daukan jardunaldia, kultura eremuko arduradunei eta eragileei zuzendua dago eta, bereziki, beren herriaren ondare materiagabea berpizteko eta gordetzeko interesa duten herrietako alkateei. Lehentasunez bildu beharrekoa da Nafarroako XX. mendeko gizarte tradizionalaren testigantzak eta oroimena, gordetzaileetako asko adinez oso nagusiak baitira.

Saioa goizeko 11:00etan hasi da, eta Alfonso Carlosena NUPeko Ikerketako errektoreordeak ongietorria eman du. Ondoren, María Pía Timón Tiemblo Kultura Ondare Materiagabea babesteko Plan Nazionalaren koordinatzaileak 2011. urtean onetsitako azken planaren berrikuntzak azaldu ditu. Jardunaldiaren lehen zatia bukatzeko, Susana Irigaray Soto Nafarroako Gobernuko Museo Ataleko buruak parte hartu du.

zoom Jardunaldira joandakoen irudia

Jardunaldira joandakoen irudia

Saioaren bigarren zatian Nafarroako kultura ondare materiagabearen artxiboa, egindako lanak, lehentasunezko beharrak eta etorkizuneko proiektuak izan dira ardatz. Horri buruz mintzatuko dira Patxi Salaberri Zaratiegi artxiboaren zuzendari nagusia; Alfredo Asiáin Ansorena proiektuaren zuzendari nagusia; eta Gaizka Aranguren Urrotz testigantzak jasotzeko lanaren arduraduna. Jardunaldira etorri direnek, era berean, aukera izan dute José Ángel Iturralde Vildarraz Imotzeko alkatearen, eta Andrés Agorreta Arriazu Fontellasko alkatearen, eta Félix Jamar Jáuregui Aezkoako Ibarreko Batzar Nagusiko buruaren esperientziak ezagutzeko, beren herrietako testigantzak berreskuratzeko lanetan.

Multimedia funts zabala

Nafarroako kultura ondare materiagabearen artxiboaren proiektua (www.navarchivo.com) duela zazpi urte abian jarri zuen Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Sailak hainbat lankideren laguntzarekin (fundazioak, elkarteak eta instituzioak). Lehentasunez bildu beharrekoa da Nafarroako XX. mendeko gizarte tradizionalaren testigantzak eta oroimena, gordetzaileetako asko adinez oso nagusiak baitira.

Arduradunen iritziz, "ondare hori oso aberasgarria da, herrietako genoma kulturala balitz bezalakoa da; horregatik, gorde egin behar dugu eta gainerako belaunaldiei transmititu, beharrezko bitartekaritza kulturalarekin eta hezkuntza bitartekaritzarekin eta, gainera, bitartekaritza horrek jabetza kritikoa sustatu behar du, eta balio positiboak bere egin, eta bestalde, hain aldekoak ez diren balioak ezagutu ondoren, haiek gainditzeko balio behar du".

Gaur egun, artxiboak, multimedia funts zabal bat dauka, ikertzaileek eta partikularrek lagatako materialak digitalizatu eta sartzearen emaitza dena, eta, batez ere, Nafarroako eta Nafarroa Behereko 315 herri baino gehiagotan elkarrizketa etnoantropologikoa egin izatearena. Oraingoz, 1.130 elkarrizketa egin zaizkie XX. mendeko memoriaren hainbat gordetzaileri; eta horrek 100.000tik gora ikus-entzunezko testigantza egiten du.

Artxiboko materialaren artean badira soinuzko testigantzak, ikus-entzunezkoak, testu bidezkoak eta argazkiak hainbat eremutakoak: oroimena, ezagutza tradizionalak, sinesmenak, zeremonia- errituak eta praktikak, ahozko tradizioa eta hizkuntzalaritza berezitasunak, joko eta kirol tradizionalak, errepresentazioak, eszenifikazioak, elikatzeko moduak, soinu eta musikazko adierazpenak, soziabilitate kolektiboko moduak eta antolatzeko moduak, e.a.