Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2012-13 ikasturtean lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Guztira 268 beka emango dira, eta, lehen aldiz, horietatik 54 gizarte egoera ahulean dauden ikasleei emango zaizkie. Eskabideak aurkezko epea hurrengo ostiralean, azaroaren 2an, amaitzen da, eta dokumentazioa Iruñeko campuseko beken bulegoan, Tuterako campuseko erregistroan eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako Idazkaritzan aurkezteko da. Izaera sozialeko beken eskaerak Gizarte Ekintzarako Unitatean (ikasgelategiko 025. ikasgelan) edo Tuterako erregistroan aurkeztuko dira. Deialdiari eta eskainitako postuei buruzko informazio guztia NUPeko webgunean dago kontsultagai (www.unavarra.es).
NUPeko lankidetza beken helburua ikasleen prestakuntza handiagotzea da, egiten ari diren ikasketen esparruan, trebetasun, abilezia eta gaitasun berriak hartuz, gero lanbide praktikan erabilgarri izango baitituzte. Beken onuradunek laguntza-lanak egingo dituzte matrikulatuta dauden titulazioko irakasle baten tutoretzapean. Laguntza mota hauek 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibetsitate Publikoko Lehen eta Bigarren Zikloetako, Graduko edo Masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude.
Astean 12 orduko arduraldia duten beken diru kopurua 230 euro da, eta 115 euro ordu kopurua erdira jaisten denean. Hasiera batean, lankidetza-aldia azaroaren 15ean hasiko da eta abenduaren 31n amaituko da. Hurrengo urterako aurrekontuan zenbat diru dagoen jakin eta gero, aldi hori ikasturte amaiera arte luzatzeko aukera egongo da.
Hautatzeko irizpideak
Interesdun bakoitzak sail edo ikastegi bakar batean eskatuko du beka, eta adieraziko du, lehentasun hurrenkeran, egiten ari den ikasketei egokitzen zaien bi profil, gehienez ere. Hautatzeko irizpideak kontuan hartuko du eskaera aurkeztu dutenen ikasketa espedientea, Master ikasleen kasuan izan ezik, ikasle horiei baremo bat aplikatuko baitzaie graduondorako sarbidea eman zien titulazioko notarekin.
Gizarte egoera ahulean dauden pertsonei zuzendutako 54 postuetako bat eskatzen duten ikasleei dagokienez, hautatzeko irizpidea beste bat izango da. Unibertsitateak eskatzaile bakoitzaren gizarte egoerari buruzko txosten bat egingo du. Txosten hori azken notaren % 60 izango da, eta gainerako % 40 kalkulatzeko ikasketa-espedientea kontuan hartuko da.
Onartuen behin-behineko zerrenda azaroaren 7an jarriko da iragarki-oholetan eta NUPen webgunean. Azaroaren 8, 9 eta 12an erreklamazioak aurkeztuko dira, eta azaroaren 14an behin betiko zerrenda argitaratuko da.
Beken onuradunek lehen astean txosten bat aurkeztu beharko dute, egingo dituzten laguntza-lanak nolakoak diren adierazteko, eta lan horren tutorea izango den irakasleak ontzat emana izango da.